Novanima Productions-ek ekoiztu eta Kanaldude Telebistak koproduzitutako proiektuak elikadura, transmisioa eta lurraren jabegoa bezalako gaiak lantzen ditu. Zukugailua elkartearen idazketa tailerrean garatu dute Lucie Francinik eta Sabina Hourcadek beren lehen dokumental luzea.

artzain soil-iparraldean-zinea

Maiatzaren 2an abiatu duten Baionako Rencontres sur les docks festibal ez lehiakorrean aurkeztu dute Lucie Francinik eta Sabina Hourcadek Artzain soil – Bergère Sans Terre (2023) lehen dokumental luzea, eta proiektuaren arduradunek jakinarazi dutenez, maiatza osoan zehar Ipar Euskal Herriko zinema geletan egongo da ikusgai.

Novanima Productions-ek ekoiztu eta Kanaldude Telebistak koproduzitutako filmak 67 minutuko iraupena dauka, eta elikadura, transmisioa edota lurraren jabegoa bezalako gaiak lantzen ditu. Zukugailua elkarteak antolatutako Kitrikoketa idazketa-tailerrean parte hartu zuten bi zuzendariek iaz, beren proiektua garatzeko asmoz; lana euskaraz zein frantsesez errodatuta dago.

Jarraian Artzain soil – Bergère Sans Terre dokumentalaren emanaldien zerrenda:

  • Maiatzak13: Urruña | Itsas Mendi zinema (20:00etan)
  • Maiatzak 14: Hazparne | Haritz Barne zinema (20:30ean)
  • Maiatzak 15: Hendaia | Les Variétés zinema (20:30ean)
  • Maiatzak 16: Maule | Maule-Baitha zinema (20:30ean)
  • Maiatzak 21: Donapaleu | Saint-Louis zinema (20:30ean)
  • Maiatzak 23: Kanbo | L’aiglon zinema (20:30ean)
  • Maiatzak 28: Donibane Lohizune | Le Select zinema (20:30ean)
  • Maiatzak 29 Donibane Garazi | Le Vauban zinema (20:30ean)

Lurrik gabeko artzaina

2020ko maiatzean ezagutu zuten elkar Mainak eta bi zuzendariek. Artzainak bere asmoen berri eman zien zinemagileei, eta hauek gaztea elkarrizketatu eta proiekturako gai nagusi bilakatu zuten bere istorioa.

Hemen duzue Artzain soil – Bergère Sans Terre filmaren sinopsia: Hurrengo neguan Maina Chassecent gazea ez da gehiago artzain soil izango. Akabo bere bizimodu ibiltaria, etengabean bizitoki berri bat bilatzea, bere lurrak nahi bezala kudeatzearen ezintasuna. Maina instalatzen da, bere lurraldean sustraitzeko asmoz eta berak nahi laborantza mota eramateko prest. Ideiak argi baditu ere, instalazioan zehar hainbat sorpresa suertatuko zaizkio.