Sorkuntzari, ekoizpenari eta banaketari eskainitako enkontru bana antolatu dute martxoaren 13rako; Celia Viada Casok, Rosaura Romerok, eta Cesar Vallejok gidatuko dituzte, hurrenez hurren. Saioak Iruñeko Baluarte jauregian egingo dituzte.

Napardocs-18 punto de vista-zinea

Tokiko sortzaileak elkartu eta zinema dokumentalari buruz hitz egiteko gune bat proposatzeko asmoz, 2018an NaparDocs sortu zuen Nafarroako ikus-entzunezko ekoizpen etxeen NAPAR elkarteak. Topaketa ireki hau garatu eta hazi egin da, eta zazpigarrenez antolatuko dute aurten, 18. Punto de Vista jaialdiaren baitan. LAN sailaren barruan gauzatuko dira enkontruak, martxoaren 13an, eta sorkuntzari, ekoizpenari eta banaketari eskainitako mahai-inguru banak osatuko du programa, eta horietan zinemagile, sortzaile, ekoizle eta gonbidatu nafarrek parte hartuko dute.

Eguneko lehen saioan, ikus-entzunezko sorkuntza prozesuari buruz hizketan jardungo da Celia Viada Caso 09:30etik 10:30era bitartean. Sortzailea eta antropologo bisuala da Viada Caso, ez-fikziozko zineman zein esperimentalean murgildu izan dena. Bideo-instalazioak, bideo musikalak eta zuzeneko praktikak ere egiten ditu. Artxiboaren berreskurapena eta esanahia jorratzen ditu bere sorkuntzetan, denbora, memoria, gorputza eta lurraldeak harremanetan jarriz.

11:00etatik 12:00etara, nazioartean esperientzia luzea duen Rosaura Romero ekoizleak ikus-entzunezko ekoizpenari buruzko solasaldia gidatuko du. 50 dokumental baino gehiago ekoiztu ditu, mundu osoan erakutsi dituztenak. Bost urtez, gainera, Espainiako ikus-entzunezko enpresa garrantzitsuenetan aritu da zinema eta banaketa arloan lanetan.

Azkenik, 12:30etik 13:30era, Cesar Vallejo izango da hizlaria. RTVE Play plataformako estreinaldien zuzendariordea eta ikus-entzunezko sortzailea da, Benidorm Fest jaialdiko zuzendaria. RTVErentzako hainbat dokumental zuzendu ditu –Susana y el sexo (2021),  Revelando a Dalí (2014)-, La 2 noticias albistegiko editorea izan da, besteak beste.