Espainiako Gobernuak bigarrenez jarri du martxan Cine Sénior izeneko kanpaina; gaurtik aurrera, asteartero balia dezakete nagusiek deskontua. Hego Euskal Herriko 30 zinema-areto baino gehiagok egin dute bat neurriarekin.

Cine senior 2024-zinea

Lehenengo edizioak izan zuen arrakasta ikusita, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak bigarren urtez bultzatu du 65 urtetik gorako herritarrek astean behin zinemara 2 euroren truke joateko aukera. Gaur abiatuko dute ekimena, eta guztira, espainiar lurraldeko 420 aretok (3.000 pantaila baino gehiago) egin dute bat. Berrikuntza gisa, onuradunek (9,5 milioi pertsona) online ere eros ditzakete filmak ikusteko sarrerak.

12 milioi euro bideratu ditu Espainiako Gobernuak ekimenera, iaz baino % 20 gehiago, eta orduko emaitzak gainditzea espero dute. Hego Euskal Herriari dagokionez, 30 zinema-areto baino gehiagok egin dute bat kanpainarekin.

Atxiki diren aretoen zerrenda, lurraldez lurralde:

  • Araba: Gorbeia Zinemak, Florida-Guridi Zinemak eta Yelmo Cines Boulevard.
  • Gipuzkoa: Cinesa Garbera, Cinesa Urbil, Modelo Aretoa, Usurbe Antzokia, Areria Aretoa, Bastero Kulturgunea, Antiguo Berri, Trueba eta Principe zinemak, Cine Gurea Antzokia, Oñatiko Zinema, Zelai Arizti, Multicines Niessen eta Ocine Mendibil.
  • Bizkaia: Meatzari Aretoa, Olalde Aretoa, Urdulizko Kultur Etxea, Cinesa Max Ocio, Cinesa Zubiarte, Multicines 7 zinemak, Golem Alhondiga, Ikusgarri Zinema, Gran Cinema Zugaza, Nestor Basterretxea Kultur Aretoa, Dock Cine, Getxo Zinemak, Yelmo Artea eta Yelmo Cines Megapark.
  • Nafarroa: Multicines Los Llanos, Golem Baiona, Golem Yamaguchi, Golem La Morea, Ocine Tudela, Multicines Las Cañas eta Cines Itaroa.

Arrakastaren arrastoa

Helburu argi batekin jaio zen 2023an Cine Sénior egitasmoa: pandemia igarota, zinema-aretoetara itzultzea gehien kostatzen ari zaion taldearen ohituretan eragitea. Izan ere, Kultura Ministerioaren arabera, alde nabarmenak ikusten dira adin-tarteen artean: 20-24 urteko gazteen % 49,3 gutxienez urtean behin joan zen zinemara 2021 eta 2022 artean, eta ehuneko hori % 6ra jaisten da biztanle adinduenen artean.

Neurria indarrean, FECE Espainiako Zinema aretoen Federazioak zehaztu zuen astearteak asteko egunik emankorrenak bilakatu zirela, % 50 igo baitzen uztailetik abendura bitartean aretoetara bertaratu ziren herritarren kopurua, 2,7 milioi pertsona. 65 urtetik gorakoak milioi bat izan ziren, saldutako sarreren % 25,5.

Hala, urte osoa kontuan izanda, 78 milioi ikus-entzule izan ziren Espainiako Estatuan, hala ere, oraindik ezin izan zen pandemia aurreko datua gainditu.