Donostia Zinemaldiaren Pentsamendua eta eztabaida sailaren baitako hitzordu berri bat egingo dute maiatzaren 3an, ostiralean. Ba al dago gizarte iraunkorrago baterako bidea irudikatzeko gai den filmik? Zinemak mundua alda dezakeenaren premisatik abiatuta, krisi klimatikoaz arduratzeko gure fikzioak eta narratibak eraikitzearen premia izango dute aztergai.
Planetaren narriadurak ezartzen duen premiak eskatzen ditu larritasun horren mailara dauden historiak. Izan ere, ba al dago gizarte iraunkorrago baterako bidea irudikatzeko gai den filmik? Zinemak mundua alda dezakeenaren premisatik abiatuta irudikatu dute Another Narrativas: Etorkizun jasangarria pantailan idatziz lantegia. Gure garaiko mehatxu handiaz -krisi klimatikoaz- arduratzeko, gure emozioei eusten dieten fikzioak eta narratibak eraikitzen hasteko aukera zabaltzea du xede.
Bide horretan, hiru fase izango ditu tailerrak. Lehenik eta behin, Marta Garcia Larriu Another Way Elkarteko zuzendariak berotze globalaren egoera eta garapen iraunkorrarekin lotutako kontzeptuak jarriko ditu testuinguruan. Jarraian, parte-hartzaileek, krisi klimatikoaren eta ikus-entzunezko narratibaren arteko harremanari buruzko ikuspegi berriak aztertuko dituzte. Azkenik, Oscar Perez Ramirez zinemagile espainiarrak talde-dinamika bat proposatuko du, sortzaileak beren istorioetan ingurumen-arazoak modu organikoan txerta ditzaten bultzatzeko.
Ostiralean, maiatzaren 3an, egingo dute saioa, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren Z aretoan. Lau orduko iraupena izango du, 10:00etatik 14:00etara, eta parte-hartzaileek gaztelania izango dute lan-hizkuntza.
Pentsamendua eta eztabaida
Nazioarteko jaialdiek eta kultura zinematografiko garaikideak dituzten erronkei erantzuteko helburua duen zinemaldiaren zeharkako saila, urtean zehar zabaltzen diren proposamenen bidez. Zinemaldiko sail batzuekin eta besteekin hitz eginez, zeharkako arlo honek gai, formatu eta pertsona garrantzitsuak identifikatzen ditu eztabaidak gidatzeko, eta, hala, erantzun berritzaileak topatzen dituzte zinemagintzaren kulturak aurrez aurre dituen erronka eta ezinegon nagusien inguruan, bai eta nazioarteko zinema-jaialdien zirkuituarekin lotuta ere.
Horretarako, lau ildo estrategiko nagusi zehaztu ditu, haiekin zer-nolako harremana ote duen aztertzeko: sorkuntza (prestakuntza-programak, proiektuak garatzea eta talentu berriei laguntzea), industria (ekoizpen- eta banaketa-egiturak, teknologia berriak eta sektoreko lan-jasangarritasunaren ereduak), lurraldea (hiri-ingurunearekin eta arkitekturarekin duen harremana, aurrez aurreko zinema-emanaldien ereduak eta zinema-jaialdien inpaktu ekonomikoa) eta erkidegoa (genero-nortasunak eta ingurumen-jasangarritasuna).
Era berean, bi modutan mamitzen dira ildo estrategiko horiek. Alde batetik, etengabeko gogoeta eta azterketarako gune gisa, programa eta ekimen propioen bidez, hala nola 2018ko ediziotik aurrera urtero egiten duen genero-identifikazioari buruzko txostena, 2021ean hasitako ingurumen-ikuskaritza, Donostia Zinemaldiak jaialdi jasangarriago izateko bideari hel diezaion edo ikerketa-lanak abiarazteko modua izan dezan ildo horietako bakoitzerako.
Bestalde, Pentsamendua eta Eztabaidaren babesean, Hizketaldiak atalak zinemari buruzko elkarrizketa sustatzen du industriaren, sormenaren eta prestakuntzaren ikuspegitik, bai eta sorkuntzaren, ekoizpenaren eta banaketaren esparruetan akordiorako eta negoziorako aukerak sortzen dituzten programak ere. Hor barnean biltzen dira, klase magistralak–akreditatuentzat zein publikoarentzat irekiak– eta zinema-industriako profesionalei eta komunikabide espezializatuei bereziki zuzendutako jarduerak –elkarrizketak eta mahai-inguruak edo Zinemaldia & Technology programa, besteak beste–.