Baluarteko Ganbera Aretoan It Always Rains on Sunday (Robert Hamer, 1947), Bob le flambeur (Jean-Pierre Melville, 1956) eta To Live and Die in L.A. (William Friedkin, 1985) filmak pantailaratuko dituzte, 20:15ean. Sarrera bakoitzak 3 euro balio ditu.

Iruñea Beltza 2024-zinea

Urtarrila bukaeran ospatzen duten Iruñea Beltza jaialdiak hamargarren urteurren ekitaldia hasiko du gaur, eta hain zuzen ere, hastapenei begira atondutako egitaraua prestatu dute. Hilaren 27ra bitartean, “hiria babesleku, espetxe eta galbiderako toki” bilakatuko da, bere kalezuloekin, argiekin, mafiekin eta heroiekin”. Orotariko jarduerak hartuko du ekimenak -musika, gastronomia- literatura- eta kriminologia-lantegiak, topaketak, aurkezpenak, zinema etab.-, eta aurrekoetan ez bezala, ez da herrialde gonbidaturik izango.

Urtero legez, Nafarroako Filmategiarekin lankidetzan zinema zikloa gauzatuko dute Baluarte Jauregiko Ganbera Aretoan, eta gaur, bihar eta etzi, film bana pantailaratuko dute. Generoaren baitan ‘hiria’-k duen garrantzia azpimarratuko dute, “non kaleak eta kalezuloak, eraikinak eta etxebizitzak, taxilariak eta gidari ausartegiak, eta batez ere, metropoliko giza paisaia istorio bera bezain pertsonaia garrantzitsuak” diren.

Londresen girotutako It Always Rains on Sunday (Robert Hamer, 1947) filmak abiatuko du programazioa. Kartzelatik ihes egin berri duen maitalea etxean ezkutatzen duen emakume bat da protagonista. Gizonarekiko sentimenduak berpiztuko zaizkio.

Bihar, aldiz, Jean-Pierre Melville zinemagile frantziarraren klasiko handienetako bat erakutsiko dute: Bob le flambeur (1956). Bob ganster zaharra da pertsonaia nagusia, hondoa jotzear dagoen karta-jokalari amorratua. Lagunen ohartarazpenei kasurik egin gabe, Dauvilleko kasinoan lapurtzea erabakitzen du, eta baina kolpea emateko dena prest duenean, poliziak bere asmoen berri izango du.

Azkenik, asteazkenean, Gerald Petievich AEBetako Zerbitzu Sekretuko agente ohiak idatzitako izen bere eleberrian oinarrituta dagoen To Live and Die in L.A. (William Friedkin, 1985) emango dute: Richard Chancek eta Jimmyk Altxorraren Departamentuarentzat lan egiten dute Los Angeleseko bulego bateko iruzur-ikertzaile gisa. Departamentuan, Chanceren portaera arduragabea denek ezagutzen dute, bere lankidea Hart, berriz, bere lanaz nazkatuta dago, baina azken misio bat onartzen du: Rick Masters faltsifikatzaile aditua harrapatzea.

Hiru saioak 20:15ean hasiko dituzte, Baluarte Jauregiko Ganbera Aretoan. Sarrerak 3 euro balio ditu.