Julen Zubiete zinemagile orozkoarraren Agur Artzai filmak eskuratu du Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sari nagusia den Urrezko Antzarra. Larunbat arratsaldean ospatutako sari banaketa ekitaldian eman dira ezagutzera 46. edizioko palmaresean saritutako lanak.

Bost sari. Bost irabazle. Jaialdian ikusgai izan diren hogei filmen arteko bost izan dira saritutakoak. Alde batetik, Sail Ofizialaren baitan banaturikoak: Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta Gazte22 sariak. Ramon Agirre, Nerea Alberdi eta Alaitz Arenzana epaimahaikideak izan dira horiek ebaztearen arduradunak, eta aitortu dute “erronka handia” izan dutela eskuartean, “maila handiko filmak” aurkeztu baitira.

Arestian aipatu bezala, film onenaren saria, Julen Zubieteren Agur Artzai lanarentzat izan da. Epaileek adierazi dutenez “pelikula koherentea, unkigarria, xamurra, poetikoa eta ederra da. Errespetu osoz azalarazten du artzaiaren bizitza eta pentsamendua, heriotza ta denboraren iragana naturaltasunez begiratuz. Gai asko ukitzen ditu sakontasunez, ikusleoi hausnartzera eramaten gaituelarik: nola bizi garen, zein balore ditugun, nondik gatozen eta nora goazen”. Zubieterentzat izan dira, beraz, Urrezko Antzarra eta 3.000€-ko ordainsaria.

Zuzendaritza onenaren saria, bestalde, Aitor Mendilibarrentzat eta Jon Aramendiarentzat izan da, Habana Glass filmean burututako lanagatik. “Bi zuzendariek airean eramaten gaituzte lehen segundutik amaierara arte. Alor filmiko guztien bikaintasunagatik izan da aukeratua. Kasurako, pelikularen erritmoa, musika, soinua, muntaia, aktoreen zuzendaritza eta irudia maila altukoak direla” azpimarratu dute epaimahaikideek. Haientzat 1.600€ eta Zilarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren sariari dagokionez, Ane Zulaikak, Emakumeak Blai filmaren zuzendariak, eskuratu du. Epaileek hurrengo adierazi dute: “Artxiboko irudiak, elkarrizketak, irudi garaikideak eta edukiaren interesak gidoi borobil batean uztartzen dira. Pelikula honek memoria eta etorkizuna berreskuratu egiten ditu  emakumezko sareginen  testigantzen bidez. Itsasoarekiko harreman anitzak azaltzen ditu, ahots ezberdinen bidez kontakizun ahalduntzailea eraikiz”.  1.600€-ko ordaina eta Zilarrezko Antzarra jaso ditu Zulaikak.

Amaitzeko, Unax Alcubillaren KosmosPolita lanak eskuratu du Gazte22 saria. Epaimahaiak adierazi duenez,  “Gazteen indarra eta mundua aldatzeko grina” azaleratzen ditu lanak; “Norbanakotasuna alde batera utziz gazteek taldean ere lan egiten badakitela erakusten du. Gizartelanaren bidez eskubideak errebindikatzen dituen pelikula da”. Harentzat izan dira Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez ebatzi dute EITB Ikusleen saria: Ekaitz Vertizen Hitza eman nion, bataz beste 5etik 4,41 puntu lortuz. Harentzat izan dira ere Zilarrezko Antzarra eta 750€-ko saria.

Euskal Zinemaren Begirada

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz, Elena Irureta eta Ane Gabarain euskal aktoreak omendu dituzte Euskal Zinemaren Begirada sariaren bidez. Honela, hamarkada guzti hauetan, gure iruditegia osatzeko egindako ekarpena eta euskal ikus-entzunezko ondarean utzitako lorratzaren gainean jarri dute Euskal Zinemaren Begirada. Biak bietara euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin duten aktoreak izan baitira dira.