Laguntza juridikoa zein psikologikoa, indarkeriei buruzko prestakuntza espezifikoa edo zerbitzuaren ikusgarritasuna izango dira bulegoak garatuko dituen jardueretako batzuk. Sektoreko profesional ororen eskura egongo da.
Unitatea Kultura Ministerioaren Berdintasun Behatokiak proposatuta sortu Indarkeriaren aurkako Prebentzio eta Arreta Unitatea, beti ere, Arte Eszenikoen Akademiaren laguntza eta oniritziarekin. Kultura-sektore guztietako profesionalen eskura egongo da, eta ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektoreko lan-testuinguruan ematen diren indarkeria matxistak prebenitzea eta artatzea, bai eta jardunbide egokien protokolo bat sortzea ere izango ditu helburu nagusiak.
Hain zuzen ere, laguntza juridikoa zein psikologikoa eskaintzea, kasuen jarraipena barne, eta biktima izan daitezkeenei beharrezko informazio guztia eskura ematea izango dira unitateak garatu beharreko jarduera nagusietako batzuk. Bere zeregina izango da, halaber, indarkeria horiei buruzko prestakuntza espezifikoa ematea; arreta-zerbitzua ikusaraztea, profesionalek horren berri izan dezaten eta eskura izan dezaten; edo ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektorean gerta daitezkeen indarkeria-egoerei berariaz helduko dien protokoloa egiteko eta ezartzeko aholkularitza ematea.
Era berean, Koordinazio eta Jarraipen Batzorde bat sortuko da, Kulturako Genero Berdintasunaren Behatokiko erakundeek kudeaturikoa. Kultura Ministerioaren aholkularitza-organo hori kulturako profesionalen elkarteek osatuko dute, eta kultura-adierazpen guztietan aukera-berdintasuna monitorizatzeko tresna izango da, emakumeen presentzia bultzatzeko zein politiketan ekintza berriak proposatzeko.