Aspaldian izandako anitzena da Kimuak sortaren 2024ko katalogoa, fikzioa, ez-fikzioa, entsegua, dokumentala eta animazioa jasota. Zazpi laburretatik lau emakumezkoek zuzendu dituzte, eta hiru egileen lehen edo bigarren filmak dira.

Kimuak programaren 27. ediziora aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak 2024 urteko katalogoa osatzeko: Dinosaurioak (Koldo Almandoz), Errotatiba (Iratxe Fresneda), Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra), Exergo (Jorge Moneo Quintana), Patrimonio (Aitor Abio), Todo lo cubre la sal (Joana Moya Blanco) eta Utländsk (Alba Lozano).

KIMUAK Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bitartez egituratzen dena. Euskal film laburren sustapena eta banaketa ditu helburu, eta hautatutako lanak, Kimuak deiturapean, nazioarteko zinema jaialdi zein ospakizun garrantzitsuenetako bidaliko dituzte gaurtik aurrera. Halaber, Euskadiko Filmategiaren lankidetza jasoko dute Euskal Herrian proiektatzerako orduan.

Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Alaitz Arenzanak, Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko zuzendari artistikoa, Sra. Polaroiska talde artistikoko kidea, irakaslea eta proiektu artistikoen eta ikus-entzunezko lanen zuzendaria; Claudio Zilleruelo Acrak, Black Canvas Zinema Garaikidearen Jaialdiaren sortzaile eta zuzendari artistikoa, ekoizlea Taller Tritónen, programatzailea eta zinema independentearen zuzendaritzan trebaturikoa; eta Xavi Herrerok, Ibizacinefest-Cinema Independent d ́Eivissaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari eta programatzailea, zeinak “errealaren zinema” deritzonaren errealizadore eta ekoizle moduan diharduen.

Bada, sortari dagokionean, KIMUAK 2024 katalogoak fikzioa, ez-fikzioa, entsegua, dokumentala eta animazioa jasoko ditu. Filmetako bat euskara hutsean egina dago, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, eta hirugarren bat euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Era berean, bi osoki gaztelaniaz eginak daude, eta azken biek ez dute elkarrizketarik. Zazpi laburretatik lau emakumezkoek zuzendu dituzte, eta hiru egileen lehen edo bigarren filmak dira.

  • Dinosaurioak (Koldo Almandoz)

Fikziozko lana. Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Iñigo Aranbarri, Maria del Amor Zubiaur, Laura Villanueva eta Martin Almandoz ditu protagonista, eta aro baten amaiera mingotsaren aurrean jartzen du ikuslea.

  • Errotatiba (Iratxe Fresneda)

Oroimenaren hauskortasunari eta hura babesteko gizakiak sortzen dituen lekuei buruzko ez-fikzioa da. Pertsonak desagertu egiten dira, bizi izan zireneko eraikinak edota lan egin eta zoriontsu izan zireneko tokiak bezala. Aurpegi eta bizitza horiek, noizbait idatzizko oroimenaren parte izandakoak, desagertuko den oroimenarekin batera galduko dira, ezer ez delako betiko. Esaerak dioen bezala, urak dakarrena, urak daroa.

Zuzendari arrigorriagarraren iraupen laburreko lehen filma da.

  • Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra)

Zuzendari azkoitiarrak egungo gizartearen beldurrak marraztu ditu animaziozko lan honetan: Ingurumen-krisia dela-eta kolapsoan dagoen komunitate txikiko biztanleria ahal bezala moldatzen da bizitza berrira. Pribilegiatuak carpe diem pentsakizunari lotuta, bizirauteari eutsi nahian besteak. Zer da etorriko dena? Besterik ezean, zerbaitek salbatuko gaitu?

Ibilbide ezaguna du animazioan eta Kimuak katalogoaren parte izan da zenbait alditan. Berak zuzendutako Hezurbeltzak, una fosa común (Kimuak 2007), Hotzanak, For Your Own Safety (Kimuak 2013) eta Lursaguak (Kimuak 2019) filmez gain, kolektiboan egindako Beti bezperako koplak (Kimuak 2016), Areka (Kimuak 2017) eta Ehiza (Kimuak 2020) lan kolektiboetan ere hartu du parte. Sultana Films etxeak ekoiztu du bere azken lan hau.

  • Exergo (Jorge Moneo Quintana)

Saiakera-lana. Bilboko Arte Ederren Museoko margolan batzuen xehetasun periferiko eta ezkutuetatik abiatuta, iraganeko eta egungo artisten baldintza sozial, ekonomiko eta psikologikoekin lotutako hainbat gai aztertzen ditu.

  • Patrimonio (Aitor Abio)

Mikelek bere aita Karlosen enpresan lan egiten du. Konpainiak saltzea eta plantillaren erdia kaleratzea erabakitzen duenean, Mikel lankideen alde agertzen da. Bere asmoak onak diren arren, langileek sabotaje plana ezkutatzen diote. Xabier Elizaldek, Mikel Laskurainek, Iñigo Aranburuk, Eder Marcosek, Gonzalo Solla-Landak eta Juan Zuluagak osatzen dute filmeko aktore-taldea.

Izaera sozialeko fikzio hau 2000. urtean jaiotako Aitor Abio durangarraren lehen film laburra da. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua Mondragon Unibertsitatean, gaur egun ECPVn zuzendaritza zinematografikoko diplomatura egiten ari da.

  • Todo lo cubre la sal (Joana Moya)

Berrogeita hamazazpi sare-konpontzailek egiten dute lan Euskal Herriko kostaldean, lan tradizional horrekin jarraituz, denbora gelditu izan balitz bezala. Eskuak gatzez estalita dituztela, etengabe ehuntzen dute, isil-isilik. Emakume horiek itsasoaren eta haren misterioaren parte dira. Itsasontzi baten alertak gaua urratzen du, itsasargi batek dena argitzen du, marinel bat jitoan dago  uraren pentsamenduetan barrena, eta esku batzuk dantza eta dantza ari dira sareekin bat egite duten arte.

Joana Moyak geologia eta dantza garaikidea ikasi zituen. 2010az geroztik irudiarekin dihardu lanean, eta ikus-entzunezko proiektuetan sartzen ditu diziplina horiek. Bere lehen film laburra da.

  • Utländsk (Alba Lozano)

Esti Oiartzunera itzuli da sei urtez Suedian bizi ondoren. Bere buruari ez zela itzuliko agindu bazion ere, ezegonkortasun ekonomikoak eta lan-prekarietateak bueltatzera behartzen dute. Herriak aldaezin jarraitzen duela konturatzen da, eta Esti ez dago egokitzeko prest.

Izaro Nieto eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak dira filmeko protagonistak.