Hiru sari jaso ditu Pablo Berger bilbotarrak zuzendu eta Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren babesa duen proiektuak: film luze onena, soinu diseinu onena eta jatorrizko musika onena. Aldiz, ikusizko garapen onenaren saria irabazi du Sultanaren ametsa (Isabel Herguera) lanak.

Quirino Sariak 2024-irabazleak-zinea

Oscar saririk gabe gelditu bazen ere, nazioartean aitortzak pilatzen ari da Pablo Berger zinemagile bilbotarraren Robot Dreams filma. Cannesen aurkeztu ostean, Annecyko jaialdian Contrechamp Sari Handia eskuratu zuen, eta gerora, Toronto, Sitges eta Sevillako zinemaldietan erakutsi dute; Animaziozko Film Onenaren eta Gidoi Egokitu Onenaren Goya sariak eskuratu ditu Manhattanen (New Yor, AEB) bizi den txakur bakartiaren bizipenak oinarri dituen istorioak.

Bada, Iberoamerikako Animazioaren Quirino Sariak banatu dituzte asteburuan Tenerifeko San Cristobal de La Laguna herrian (Kanariar Uharteak), eta ezustekorik ez da izan. Hiru izendapen zituen Robot Dreams-ek, eta hirurak bereganatu ditu: film luze onena, soinu diseinu onena eta jatorrizko musika onena.

Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren babesa duen proiektuak lehiakide izan ditu, besteak beste, lurraldean bertan Lorena Aresek garatu duen Hanna y los monstruos, eta Isabel Herguera zuzendari eta artista bisual donostiarraren Sultanaren ametsa ipuin feminista. Hain zuzen ere, azken honek ikusizko garapen onenaren saria irabazi du.

Film laburrak esku hutsik

Euskal Herrian ekoiztutako bi proiektu izan dira film laburren kategorian lehian. DigiPen Europe Bilbao eskolako Pablo Rios ikaslearen Conej Steps Out animaziozko film laburra izan da Iberoamerikako Animazioaren Quirino Sarietan izendapen gehien izan dituen proiektua -lau guztira-, baina ez du saririk lortu, To Bird or Not To Bird-ek bezala.

Aldiz, garaile nagusia Marcus Vinicius Vasconcelosek eta Alois Di Leok zuzendutako Lulina e a Lua ekoizpen brasildarra izan da.