Apirilaren 21etik 28ra bitartean egingo duten ekitaldiaren xehetasunak argitu dituzte gaur: 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola, 2023) filmak abiatuko du jaialdia, eta sail ofizialean hainbat euskal ekoizpen erakutsiko dituzte, tartean, Tetuán (Iratxe Fresneda, 2022), Las buenas compañías (Silvia Munt, 2023), edota Karpeta Urdinak (Ander Iriarte, 2022). Azken hau lehiaketaz kanpo.
Bi hamarkada beteko ditu Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak, eta ospatzeko, zinema eskaintza zinez interesgarria prestatu dute. Gaur bertan aurkeztu dute hitzorduaren 20. edizioa, Victoria Eugenia Antzokian, eta egitarauaren xehetasunak argitzen Eneko Goia Donostiako alkatea, Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia, Josemi Beltrán Donostia Kulturako zinema programazio arduraduna eta Elena Biain, Amnesty Internationaleko ordezkaria izan dira.
Martxoan aurreratu bezala, Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas opera primak, emango dio hasiera aurtengo ekitaldiari, apirilaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, eta egun berean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara ere. Hurrengo egunetan, hilaren 28ra bitartean, nazioarteko errealitateak, gai eta istorio sozialak ezagutzeko aukera egongo da hirian. Toi non plus tu n’as rien vu (Véatrixe Pollet, 2022) ekoizpen frantziarrarekin agurtuko dute 2023ko edizioa.
Sail ofiziala ondoko filmek osatuko dute:
- 20.000 especies de abejas(Estibaliz Urresola, 2023). Euskal Herria | Irekierako filma
- Blanquita (Fernando Guzzoni, 2022). Txile-Mexiko-Luxenburgo-Frantzia-Polonia
- Las buenas compañías (Silvia Munt, 2023). Euskal Herria
- Cabeza y corazón (Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea, 2022). Euskal Herria
- Tetuán (Iratxe Fresneda, 2022). Euskal Herria
- Les Harkis (Philippe Faucon, 2022). Frantzia-Belgika
- Interdit aux chiens et aux italiens (Alain Ughetto, 2022). Frantzia-Italia-Belgika-Suitza-Portugal
- The Lost Souls of Syria (Stéphane Malterre, Garance Le Caisne, 2022). Frantzia-Alemania
- No bears (Jafar Panahi, 2022). Iran
- Mariupolis 2 (Mantas Kvedaravicius, 2022). Lituania-Frantzia-Alemania
- Metronom (Alexandru Belc, 2022). Errumania-Frantzia
- No Bears (Khers nist. Jafar Panahi, 2022). Iran
- Interdit aux chiens et aux italiens (Alain Ughetto, 2022). Frantzia-Italia-Belgika-Suitza-Portugal
- Look Wath You Made Me Do (Coco Schrijber, 2022). Herbehereak
- The Golden Thread (Nishtha Jain, 2022). India-Bosnia Herzegovina-Herbehereak-Norvegia-Erresuma Batua
- Victim (Michal Blascko, 2022). Eslovakia-Txekiar Errepublika-Alemania
- Les Harkis (Philippe Faucon, 2022). Frantzia-Belgika
- Karpeta Urdinak (Ander Iriarte, 2022). Euskal Herria | Lehiaz kanpo
- Tximinoen izarra (Linda Hambäck, 2021). Suedia-Norvegia-Danimarka | Lehiaz kanpo
- Nadie está lejos (José Antonio Vitoria, 2022). Espainia | Lehiaz kanpo
- Toi non plus tu n’as rien vu (Véatrixe Pollet, 2022). Frantzia | Amaierako filma
Ohi bezala, 19:00etan/19:30ean ekingo dioten proiekzioen ostean solasaldia egongo da. Filmen ordezkariek eta giza eskubideen arloan lan egiten duten profesionalek, aktibistek edota erakundeetako kideek parte hartuko dute horietan. Film laburren emanaldia, bestalde, larunbatean, apirilak 22, egingo dute, 16:30ean, Antzoki Zaharrean. Gazte Epaimahaia arduratuko da lanak ikusi eta baloratzeaz. Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du.
Jarduera paraleloak
“Historia, politika edo/eta kontzientzia sortzeko irudiek duten ahalmena balioan jartzen duten” hiru film garaikide programatuko dituzte Zinema eta Memoria zikloaren baitan: Everything Will Be OK (Rithy Panh, 2022), The March on Rome (Mark Cousins, 2022) eta Wanibik: The People Who Live in front of Their Land (Rabah Slimani, 2022). Saioak Tabakalerako zinema aretoan izango dira.
Haur eta gazteei eskainitako saioetan, Yoko oporretan (Juanjo Elordi, 2022), Trash (Francesco Dafano eta Luca Della Grotta, 2020) eta Gabi, 8 urtetik 13 urtera (Engeli Broberg, 2021) filmak ikusteko aukera izango dute ikasleek. Donostiako espetxean egindako urteroko saioan, aldiz, Cuerdas (Estiblaiz Urresola, 2022) eta Si me querei, irse (Sofía Muñoz, 2023) film laburrak emango dituzte.
Gainera, Carmen Castillo, txiletar erbesteratu bat erakusketa martxoaren 2tik maiatzaren 4ra bitartean egongo da ikusgai, Okendo Kultur Etxean. Dokumentalista eta idazlearen erbestealdia errepasatuko du mostrak, eta sortzaileak festibalaren aitortza berezia jasoko du 20. edizioko irekiera-ekitaldian. Castillok zuzendutako Calle Santa Fe (2007) filma ere eskainiko dute egun berean, arratsaldeko saioan.
Horrez gain, “munduko pertsonen mugimenduari lotutako aurpegiak eta paisaiak bilatzea” abiapuntu duen Tetuán Kanpoaldea/Barrualdea-eguna erakusketa hartuko du hiriko Liburutegi Nagusiak apirilaren 20tik maiatzaren 6ra bitartean.
Apirilaren 20an, 19:00etan, Giza eskubideak Afganistanen hitzaldia eskainiko du Nazima Nezrabi epaile afganistandarrak San Telmo Museoan, eta bestelako jarduera osagarriak ere izango dira jaialdiak iraun bitartean: komiki erakusketa, booktrailer-a, tailerrak, Esna Tú online jokoa…
Sarrerak (5 euro) apirilaren 14an jarriko dituzte salgai, 11:30ean. Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako lehiatiletan zein Donostia Kulturaren webgunean eros daitezke.
Ezagutu egitaraua, jarraian.