“Historia, politika edo/eta kontzientzia sortzeko irudiek duten ahalmena balioan jartzen duten” hiru film garaikide programatuko dituzte 2023ko edizioan. Saioak Tabakalerako zinema aretoan izango dira.

Zinema eta Memoria-zinea

Apirilaren 21etik 28ra bitartean egingo dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 20. edizioa, eta egoitza nagusia Victoria Eugenia Antzokia izango badu ere, hiriko beste zenbait agertokitan ere zinema eskaintzaz gozatzeko aukera egongo da. Bada, Tabakalerako zinema aretoan, Zinema eta Memoria zikloa gauzatuko dute. “Historia, politika edo/eta kontzientzia sortzeko irudiek duten ahalmena balioan jartzen duten” hiru film garaikide programatuko dituzte: Everything Will Be OK (Rithy Panh, 2022), The March on Rome (Mark Cousins, 2022) eta Wanibik: The People Who Live in front of Their Land (Rabah Slimani, 2022).

Animaliak boterearen jabe izango balira gerta litekeenaz hausnartuko du Everything Will Be OK ekoizpen frantziar-kanbodiarrak, zenbait galdera planteatuz: Gizakien jokabidean oinarrituko lukete eurena? Kontsumo basati bat praktikatuko lukete, ingurumena suntsitzeraino? Haien akatsak errepikatuko lituzkete? Botere egarri bera, krudelkeria bera erakutsiko lukete? Demagogiaz, izuaz eta totalitarismoaz baliatuta gobernatzea aukeratuko lukete? Artean eta zinemagintzan jardungo lukete edo biziraupenari begira oinarrituko lukete guztia? ”Zaharrekin” (gizakiekin) batera biziko lirateke ala esklabo bihurtuko lituzkete? Nahia eta indarra erakutsiko lukete Gaizkia egiteko joerari aurre egiteko? Enpatia erakutsiko lukete planeta partekatzen duten gainerako izakiekiko?

Bestalde, Italiako faxismoaren goraldia eta 1930eko hamarkadan Europan zehar izan zuen hedapena izango du ardatz The March on Rome lanak. Cousinsen analisi zinematografikoaren estilo bereizgarriaren adibide berri bat da honakoa, gutxitan ikusi eta erabili izan diren artxiboen bitartez eraikitakoa. Film saiakera eta dokumentu historikoa da aldi berean, orainaldiari keinu egiten diona, “eskuin mutur beldurgarri bat eta hedabide manipulatu batzuk islatzen diren paisaia politiko baten aurrean ispilu bat jarrita”.

Azkenik, Saharara eramango gaitu Slimanik Wanibik: The People Who Live in front of Their Land dokumentalean. 2020ko azaroaren 13an Marokoren okupazioaren aurkako gerrari berriro ekin ondoren, Mendebaldeko Saharako zinema eskolako ikasle talde batek beren graduazioko pelikula filmatuko du, eta sufrimenduaren, borrokaren, determinazioaren eta erresistentziaren artean, Lotsaren Harresia aukeratu zuten proiektuaren hari gidari izateko.