Idartes – Arteen Barrutiko Institutuak, Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan atondu du emanaldi sorta. Azken hamarkadan euskaraz errodatutako sei film pantailaratuko dituzte, otsailaren 21etik 26ra bitartean, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin.

euskal zinema berria-bogota-zinea

Inoiz Kolonbian ikusi gabeko euskarazko animazioko filmak, lan-dokumentalak, komediak eta drama sozialak pantailaratuko dituzte egunotan, Bogotako Zinematekan. Otsailaren 21etik 26ra bitartean, euskal sortzaileen begirada, estilo eta gai ezberdinak ezagutzeko aukera egongo da Idartes – Arteen Barrutiko Institutuak Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan atondutako Euskal Zinema Berria zikloaren baitan.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “ez dago egile edo autore nagusirik euskal ekoizpena bere osotasunean ezagutzeko, zinematografia kaleidoskopiokoa marrazten duten ikuspuntu ugari baizik”.

Gaur bertan egingo dute zikloaren irekiera-ekitaldia, eta Zinematekako Sala Capital aretoan Mireia Gabilondok zuzendutako Erlauntza (2020) egongo da ikusgai doan, herrialdeko 19:00etan.

Gainerako emanaldiak Amama (Asier Altuna, 2015), Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018), Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2015), Oreina (Koldo Almandoz, 2018), eta Dantza (Telmo Esnal, 2018)- ordainpekoak izango dira, eta egoitzako bigarren eta hirugarren aretoetan egingo dituzte. Saioetara bertaratu nahi dutenek online eros ditzakete sarrerak.

Jarraian duzue egitaraua:

  • Otsailaren 21ean, 19:00etan: Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020) | Sala Capital aretoa
  • Otsailaren 22an, 17:00etan: Amama (Asier Altuna, 2015) | Hirugarren aretoa
  • Otsailaren 22an, 19:30ean: Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018) | Bigarren aretoa
  • Otsailaren 23an, 15:00etan: Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2015) | Sala Capital aretoa
  • Otsailaren 23an, 15:00etan: Oreina (Koldo Almandoz, 2018) | Bigarren aretoa
  • Otsailaren 23an, 17:00etan: Dantza (Telmo Esnal, 2018) | Sala Capital aretoa
  • Otsailaren 24an, 14:00etan: Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020) | Bigarren aretoa
  • Otsailaren 24an, 17:30ean: Amama (Asier Altuna, 2015) | Sala Capital aretoa
  • Otsailaren 25ean, 18:30ean: Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2015) | Hirugarren aretoa
  • Otsailaren 25ean, 20:00etan: Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018) | Sala Capital aretoa
  • Otsailaren 26an, 15:30ean: Dantza (Telmo Esnal, 2018) | Bigarren aretoa
  • Otsailaren 26an, 19:30ean: Oreina (Koldo Almandoz, 2018) | Bigarren aretoa

Filmak jatorrizko bertsioan emango dituzte, gaztelaniazko azpitituluekin.

Informazio osagarria, jarraian.