Iruñeko LABA Kultur Elkarteak Igandeak Mantapean zinema zikloa prestatu du udazken-negu honetarako. Iruñeko Gazteluko Plazako lokalean egingo dituzte emanaldiak,  “euskarazko zinezaletasuna eta zinemari buruzko ezagutza” sustatzeko helburuarekin.

Hiri buruzagian, hilean behin, lagunartean, mantapean eta zinemak elkartuta. Itxuraz goxo eta gozagarri igaroko dituzte datozen hilabeteak Iruñerrian. Lau hitzordutan, inguruko zinemagile entzutetsu bana gonbidatuko dute bere film kuttunak aurkeztera. Hala, filmaz gozatzeko eta zinemagileak kontatzeko dituenak entzuteko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek.

Urriaren 23an, igande honetan bertan, emango diote hasiera egitasmoari. Marina Lameiro iruindarra izango da gonbidatu berezia, eta Paris Texas (Wim Wenders, 1984) filmaz arituko da. Azaroaren 20an, aldiz, Oskar Alegriaren txanda izango da; zuzendariak Forever (Heddy Honigmann, 2006) hautatu du hitzordurako.

Hilabeteko atsedenaren ostean, urtarrilaren 29an Josu Martinezek Xalbador, gaztain kormutxa (Juanmi Gutierrez, 1980) lana izango du hizpide. Eta otsailaren 12an, Arantza Santestebanek La marche des femmes à Hendaye eta Les mères espagnoles (Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder, 1975) film laburrak iruzkinduko ditu.

Emanaldi guztiak 18.00etan abiatuko dira, ondorengo hitzaldiak euskaraz izango dira. Filmeen irudiak, aldiz, jatorrizko bersioan proiektatuko dira, betiere euskarazko azpidatziekin. Doako sarrera izango dute hitzorduek.