Iratxe Fresneda zinemagile bizkaitarraren hirugarren film luzeak FICX festibaleko sail ofizialean parte hartuko du, azaroaren 11tik 19ra bitartean. Irrintziaren Oihartzunak (2016) eta Lurralde Hotzak (2018) filmekin osatutako ‘Erregistroaren Trilogia’ itxiko du lanak.
Pertsona migratzaileei buruzko filma da Tetuan, non zinema, familia baten istorioak eta memoria, igaroleku eta nebulosa bailiran banatuko diren. Orainaldiko ikuspuntutik migrazio eta memoria bezalako kontzeptuak ikertzen dituen sorkuntza dokumental gisa aurkeztu du Fresnedak bere hirugarren film luzea, beste irudi eta diskurtso batzuk ikuspuntu antropologiko eta sozial batetik erakutsi, eta migrazio eta truke kulturalaren alde positiboak erreskatatuko dituena.
Azaroaren 11tik 19ra egingo duten Xixongo Nazioarteko Zinemaldian ikusiko du proiektuak argia. Izan ere, sail ofizialeko Tierres en Trance atalean lehiatzeko aukeratu dute ‘Erregistroaren Trilogia’ itxi duen ez-fikziozko lana.
Arrazakeria erakusteko nahia eta natura ezberdineko estereotipoei aurre egitea izan dira Tetuan lanaren hasiera eragin duten arrazoiak. Fresnedaren hitzetan, gaur egun, mundu mailan premiazko gai politiko eta sozial izateak, arrazakeriaren normaltasuna hausteko dagoen beharrizan unibertsala berresten du.
Bidaia bat, hamaika istorio
Nola heltzen dira, zein arrasto uzten dute gure artean pertsona migratzailearen ahotsak eta oroitzapenak? Zein gatazka borrokatzen ditugu pertsonok bizirauteko asmoz? Alaba batek (zuzendaria bera), bere hildako aitaren (migratzailea izan zena) historiarekiko jakin-minak gidatuta, film honetan, iraganeko eta orainaldiko historien berreraikitze eta bilaketa bidaia bat hasiko du. Bidaia honetan, Danubioren ertz lasaian hasi, Euskal Herria zeharkatu eta Saharako basamorturaino jarraituko ditu dokumentalak Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamed protagonisten istorioak.
Pinpi&Nella Films ekoizpen etxea, Marmoka Films, Corpus Films eta Arena Comunicación taldeak daude proiektuaren atzean, eta Jonay Armas arduratu da musika konposizioaz. Mezenasgo kanpaina arrakastatsu baten ondoren lortu dute filmaren ekoizpenaren finantzaketa beharrak estaltzea: 15.355€ batu ditu orotara, 335 mezenasen ekarpenetik.
Proiektuak, gainera, ICAA, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arrigorriagako Udala, ETB, Kanaldude eta Otxoa de Barandika Fundazioaren laguntza izan du.