Helburua beteta burutu du Iratxe Fresneda zinemagile bizkaitarrak Tetuan film dokumentala garatzeko finantzazio-kanpaina. 15.355€ lortu ditu orotara, 335 mezenasen ekarpenetik.

“Mezenasei, lagunei, familiari eta sareetan lagundu diguzuenoi esker, crowdfunding kanpaina arrakastatsua burutu dugu. Orain Tetuan filmean lanean jarraitzeko momentua da, eta bide horretan ere zuek guztiekin egongo gara. Eskerrik asko, bihotz bihotzez, eta besarkada handi bat!”, izan dira proiektuaren zuzendari den Iratxe Fresnedaren esker hitzak.

Pertsona migratzaileei buruzko filma da Tetuan, non zinema, familia baten istorioak eta memoria, igaroleku eta nebulosa bailiran banatuko diren. Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamed izango dira protagonistak; dantza, argazkilaritza eta bizitza istorio baten antzezleak.

Orainaldiko ikuspuntutik migrazio eta memoria bezalako kontzeptuak ikertzen dituen sorkuntza dokumental gisa aurkeztu du zuzendariak. Beste irudi eta diskurtso batzuk ikuspuntu antropologiko eta sozial batetik erakutsi, eta migrazio eta truke kulturalaren alde positiboak erreskatatuko dituena. Hala, arrazakeria erakusteko nahia eta natura ezberdineko estereotipoei aurre egitea izan dira lanaren hasiera eragin duten arrazoiak. Fresnedaren hitzetan, gaur egun, mundu mailan premiazko gai politiko eta sozial izateak, arrazakeriaren normaltasuna hausteko dagoen beharrizan unibertsala berresten du.

Nola heltzen dira? Zein arrasto uzten dute gure artean pertsona migratzailearen ahotsak eta oroitzapenak? Zein gatazka borrokatzen ditugu pertsonok bizirauteko asmoz? Alaba batek (zuzendaria bera), bere hildako aitaren (migratzaile izandakoa)

Nola heltzen dira, zein arrasto uzten dute gure artean pertsona migratzailearen ahotsak eta oroitzapenak? Zein gatazka borrokatzen ditugu pertsonok bizirauteko asmoz? Alaba batek (zuzendaria bera), bere hildako aitaren (migratzailea izan zena) historiarekiko jakin-minak gidatuta, film honetan, iraganeko eta orainaldiko historien berreraikitze eta bilaketa bidaia bat hasiko du. Bidaia honetan, Tetuán, Almería eta bere basamortua, Madrilgo kaleak, Pirinioak, Euskal Herriko txokoak eta Danubioren ertzean dagoen Errumaniako herri txiki bat izango dira lekuko.