Juan Diego Botto aktore argentinarrak zuzendutako opera prima da, Veneziako Mostran estreinatuko dena. Penélope Cruz, Luis Tosar eta Botto bera dira filmeko protagonistak.

En los márgenes-zinea

Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan oraindik ere estreinatu ez diren film luze aipagarrienak, txalotuenak, eta nazioarteko beste zinema jaialdietan saridun izan direnak bildu ohi ditu Perlak sailak, urtero, Donostia Zinemaldian. Irailaren 16tik 24ra ospatuko du aurten festibalak 70. urteurrena, eta hasi gara Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko hautagaiak izango diren ekoizpenen berri izaten.

Uztaila erdialdean, Zinemaldian erakutsiko dituzten proiektu espainiarren iragarpenean aurreratu zuen festibalak Perlak sailean lehiatuko diren lehen izenburuak: Berlinen aurkeztu zen Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Cannesen ikusgai egon den Rodrigo Sorogoyenen As Bestas, eta 2022ko atalari amaiera emango dion Los renglones torcidos de Dios (Torcuato Luca de Tena). Gaur, berriz, En los márgenes batu zaiela jakin dugu, Juan Diego Botto aktore argentinarrak zuzendutako lehenengo film luzea.

Penélope Cruz, Luis Tosar eta Botto bera ditu pelikulak aktore, eta Veneziako Mostrako Orizzonti sailean izango du mundu mailako estreinaldia. Familia, maitasuna eta elkartasuna izango dira lanak jorratuko dituen gaiak, eta hiri handi baten marjinetan, bizirauten saiatuko diren hiru pertsonai nagusiek euren etorkizunerako erabakigarriak izango diren 24 ordutan egindako erlojupeko bidaia zirraragarri gisa dago planteatuta.

Ibilbide oparoa

Donostia Zinemaldiaren bilakaeraren paraleloa izan da Bottoren aktore ibilbidea. Cannesen lehiatu zen Historias del Kronen (Montxo Armendáriz, 1995) filmean egindako lanari esker iritsi zitzaizkion lehen goraipamenak; Made in Spanis sailean erakutsi zuten, Donostian. Gerora, argentinarra protagonista zuten hainbat lan sail ofizialean izan dira: Martín (Hache) (Adolfo Aristarain, 1997), Plenilunio (Imanol Uribe, 1999), Roma (Adolfo Aristarain, 2004), Obaba (Montxo Armendáriz, 2005) eta Vete de mí (Víctor García León, 2006).

Halaber, The Dancer Upstairs (John Malkovich, Perlak, 2002), Los abajo firmantes (Joaquín Oristrell, Especiales Zabaltegi, 2003) eta Hay motivo (hainbat egile, Made in Spain, 2004) filmekin ere Zinemaldian parte hartu zuen. Horrez gain, 2011n Horizontes Latinos saileko epaimahaikide izan zen Botto.

Guztira, berrogeita hamar bat filmetan parte hartu du eta sei aldiz egon da Goya sarietarako izendatuta. Antzerkigile gisa, bestalde, sei antzezlan idatzi ditu, eta antzerki-sari nagusiak irabazi izan ditu lan horiengatik, 2021ean jasotako Antzerki Sari Nazionala barne.