Donostia Zinemaldiak 70. edizioan pantailaratuko dituzten espainiar Estatuko ekoizpenen berri eman du gaur goizean. Besteak beste, zinemagile donostiarraren filma sail ofizialean lehiatuko dela jakinarazi dute, baina ez da euskal parte hartzea duen lan bakarra izango: Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto lana New Director sailean egongo da ikusgai, eta Cannesetik datorren Cuerdas (Estibaliz Urresola) zein Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa Zabaltegi-Tabakaleran programatuko dituzte. Belodromoan, Fermin Muguruzak sortutako Black Is Beltza II: Ainhoa animaziozko lanaz gozatzeko aukera egongo da.

ssiff70 espainiako zinema-zinea

Espainiako Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan egindako agerraldian, 70. edizioan pantailaratuko dituzten espainiar Estatuko produkzioak zeintzuk izango diren ezagutarazi ditu Donostia Zinemaldiak; hemeretzi, guztira: horien artean, lau film luze lehiatuko dira sail ofizialean, eta beste hiru lehiaketaz kanpo proiektatuko dituzte. New Directors atalean, aldiz, proposamen bakarra lehiatuko da, eta Perlak sailetan, hiru. Zabaltegi-Tabakaleran, aldiz, lau.

2021eko edizioan Heltzear film laburrarekin Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu ostean, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango da Gurrea irailaren 16tik 24ra bitartean. Suro, bere opera prima aurkeztuko du sail ofizialean, eta Vicky Luego zein Pol López izango ditu aktore. Filmak landa-ingurura bizitzera joango den bikote baten istorioa kontatuko du. Bizitza berri bat eraiki nahi dute artelatz-basoetan barna, baina lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituztenez, beraien etorkizuna kolokan jarriko da. 2016ko Ikusmira Berriak programan aukeratua izan zen proiektua, baita Jerusalem International Film Lab laborategian ere, 2017-2018 aldian.

Gurreak bezala, Pilar Palomero zaragozarrak ere debuta egingo du sail nagusian. La maternal lanean ama izaten ikasi beharko duen 14 urteko nerabe baten istorioa kontatuko du. Jaime Rosales kataluniarrak ere amatasuna izango du abiapuntu Girasoles silvestres-en. Fernando Franco sevillarra, aldiz, arestian saritua izan da lehiaketan, eta aurten, berriz parte hartuko du bere hirugarren film luzearekin. La consagración de la primaverak 18 urteko neska baten eta garun-paralisia duen gazte baten (Telmo Irureta aktore zumaiarrak interpretatuta) hartu-emana izango du aztergai. Kowalski Films ekoiztetxe donostiarrak produzitu du.

70. edizioa, Alberto Rodríguez zinemagile sevillarraren Modelo 77 lanak irekiko du, baina lehiaketaz kanpo erakutsiko dute, Rodrigo Sorogoyenek, Raúl Arévalok, Isa Campok, Alberto Rodríguezek eta Isaki Lacuestak Movistar+ etxearentzako sortutako Apagón bost ataletako telesaila; eta Isabel Coixetek zuzendutako ez-fikziozko El sostre groc lana bezala.

Gainerako sailetako filmak

Zinemagileen lehen edo bigarren film luzeak erakusteko aukera ematen duen New Directors sailean parte hartuko du aurrenekoz Maria Elorza gasteiztarrak. Bere film labur arrakastatsuen ondoren, iraupen luzeko formatura egin du salto, eta A los libros y a las mujeres canto aurkeztuko du, liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabe bati buruzkoa.

Zabaltegi-Tabakalera sailean, bestalde, 2022ko KIMUAK katalogoan hautatuak izan diren bi film egongo dira ikusgai: Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas. Azken hau bezala, Cannesen lehiatu zen  Elena López Rieraren El agua eta Sundanceko zinema-jaialditik datorren Carlota Peredaren Cerdita lanak ere programatuko dituzte.

Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko aukerak, aldiz, Berlinen lehiatu zen Isaki Lacuestaren Un año, una noche eta Rodrigo Sorogoyenen As Bestas ekoizpenek izango dute. Lehiaketaz kanpo, atalari amaiera emateko, Los renglones torcidos de Dios (Torcuato Luca de Tena) ikusi ahal izango da.

400 metro koadroko pantaila eta ia 3.000 ikus-entzulerentzako lekua dituen Belodromoan ere izango dugu euskal presentzia: Fermin Muguruzak sortutako Black Is Beltza II: Ainhoa animaziozko lanaz gozatzeko aukera egongo da. Horrez gain, Paco Leónek zuzendutako Rainbow eta Joaquín Sabinari buruz Fernando León de Aranoak egin duen Sintiéndolo mucho dokumentala ere eskainiko dituzte.