2022ko otsailaren 12an ezagutarazi du Espainiako Zinemaren Akademiak 2021eko ekoizpen eta sektoreko profesional onenen zerrenda. Valentziako Palau de les Arts antzokian banatu dituzte 36. Goya sariak, eta El buen patrón izan da garaile nagusia. 20 kategoriatan izan da hautagai, eta horietatik sei estatuatxo jaso ditu, film onenarena, Fernando Leon de Aranoak zuzendari onenarena, gizonezko aktore onenarena Javier Bardemek, muntaketa onenarena, gidoi onenarena eta soinu banda onenarena.

Iciar Bollainen Maixabel izan da euskal partaidetza duten ekoizpenen artean izendapen gehien zituena, hamalau, eta hiru lortu ditu: emakumezko aktore berri onena (Maria Cerezuela), taldeko gizonezko aktore onena (Urko Olazabal) eta emakumezko aktore onenarena (Blanca Portillo). Las leyes de la frontera (Daniel Monzon) lanak, aldiz, bost lortu ditu (soinu onena, zuzendaritza artistiko onena, ile-apainketa eta makillaje onena, gizonezko aktore berri onena eta egokitutako gidoi onena –Jorge Guerricaechevarriak idatzitakoa. Jaiotzez asturiarra bada ere, Euskal Herrian, Gasteizen, bizi izan da txikitatik-); Mediterraneok (Marcel Barrena) hiru (argazki zuzendaritza onena Kiko de la Rica bilbotarrarentzat, ekoizpen zuzendaritza onena eta abesti onena). Pedro Almodovarren Madres paralelas, bestetik, esku hutsik gelditu da.

Dokumental onena Jonas Truebak 69. Donostia Zinemaldian aurkeztutako Quién lo impide izendatu dute; pelikula iberoamerikar onena La Cordillera de los Sueños (Patricio Guzmán) txiletarra; eta ekoizpen europar onena Druk (Thomas Vinterberg). Zuzendari berri onenaren saria Clara Roquet bartzelonarrak jaso du (Libertad), bosgarren emakumea da jarraian kategoria honetan gailentzen dena.

Animaziozko ekoizpenei dagokienez, Uniko ekoiztetxe bilbotarraren Nacer eta Haizea Pastorrek eta Iker Álvarezek zuzendutako Zutik! animaziozko film labur eta luze onenaren kategorietan izan dira lehiakide, baina The Monkey eta XXX izan dira garaikurraren onuradunak, hurrenez hurren. Media Attack ekoiztetxe bilbotarraren parte hartzea duen Pablo de la Chica zinemagilearen Mama proiektuak film labur dokumental onenaren saria irabazi du.

Goya 2022-zinea

Aurrez aurrekora itzulera

Iazko ekitaldia streaming bidez ospatzera behartu zuen COVID19ak, eta ondorioz, gonbidatu eta hautagaiak ezin izan zuten Espainiako zinemagintzaren festa bertatik bertara bizi. Aurten aldiz, Valentziako Palau de les Arts antzokian izan dira denak, eta 2021eko edizioko irabazleek, gainera, taula-gainera igotzeko aukera izan dute, 36. edizioko saridunei Francisco Goya margolari espainiarraren irudia duen eskultura emateko. Nathalie Poza, Patricia López Arnaiz, Adam Nourou, Pilar Palomero, Mabel Lozano, Valérie Delpierre edota Ana Rubiok iazko arantza atera ahal izan dute, urtebete beranduago bada ere, agertokia zapalduz.

Ekitaldia, 22:00etan hasi da, eta goizaldeko ordu bata arte luzatu. Ohiko legez, TVE1 kateak egin du zuzeneko jarraipena. Luis García Berlangaren oroimena presente izan dute gala guztian zehar, izan ere, 2021ean zinemagile valentziarraren jaiotzaren mendeurrena izan zen.

Guztira, 30 Goya sari banatu ditu Akademiak, horietako bi omenaldi gisa pentsatutakoak. Jose Sacristan aktoreak hartu du Ohorezko Goya Saria, “gure barne-oroimena osatzen duten hainbeste titulu ahaztezinetan parte hartu eta modu bakar batean irudikatzeagatik”; eta Cate Blanchett aktore australiarrari eman diote aurrenekoz  banatu duten Nazioarteko Goya Saria.

Ezagutu sarituen zerrenda osoa, hemen.