Iruñeko Baluarteko hirugarren solairuko Terrazak bizia hartuko du beste behin ere uztaileko iluntzeetan, hilaren 8tik 22ra, RoofTop Cinema zikloa eskainiko baitute Nafarroako Filmotekaren eta Nafarroako Foru Gobernuaren laguntzarekin. Aurtengo edizioan 50eko eta 60ko hamarkadetan errodatutako San Ferminekin eta udako oporraldiekin lotutako bost izenburu eskainiko dituzte.

2014an ekin zuten RoofTop Cinema zikloaren zortzigarren edizioa uztailaren 8an, osteguna, abiatuko dute Iruñeko Baluarteko Terrazan. Bost dira izarren azpian eskaintzeko hautatutako film klasikoak, bi gai nagusi jorratzen dituztenak:

San Fermin jaiak oinarri dituen The Caper of the Golden Bulls (Russell Rouse, 1967) filmarekin abiatuko dute zikloa hilaren 8an, ostegunean, eta uztailaren 13an, asteartea, gai bera hizpide duen Un rincón para querernos (Ignacio F. Iquino, 1967) proposamena proiektatuko dute.

Uztailaren 15etik aurrera, ostera, udako oporraldia jorratzen duten hiru izenburu ikusaraziko dituzte astebeteko epean: hilaren 15ean Les vacances de M. Hulot (Jacques Tati, 1953) film frantziarra, hilaren 20an Venezian girotutako Summertime (David Lean, 1955) britainiarra, eta uztailaren 22an, azkenik, Sommarnattens leende (Ingmar Bergman, 1955) klasiko suediarra.

Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, gaztelaniazko azpidatziekin. Emanaldiak 22:15ean egingo dituzte, eta sarrerak eskuragai daude jada 3 euroan Baluarteren webgunean. Emanaldi guztierako bonoak, aldiz, 15 euro balio ditu.