Otsailaren 10ean abiatuko da Iruñeko Iturrama eta Sanduzelaiko Civivoxetan gauzatuko duten Zinemako Heroiak zinema zikloaren edizio berria. Hilero, eta maiatzaren 19ra arte, ikuslea emakumeen unibertsora gerturatuko duten filmak programatuko dituzte.

‘Que Horas Ela Volta?’ (Anna Muylaert, 2015) filma izango da ikusgai, besteak beste.

“Iristen zaigun zinemaren zati handi batek genero estereotipo eta rol desberdinak indartzen ditu. Ziklo honetan, filmek beste ikuspuntu batetik ikusaraziko digute zinema, elkarrizketa eta emakumeen film-unibertsoa aberasten duten beste erreferente batzuen behaketa ahalbidetzen duen ikuspuntutik”. Otsailaren 10etik maiatzaren 19ra bitartean egingo dituzte saioak, 18:00etan, Iturraka edo Sanduzelai auzoetako Civivox aretoetan.

Función de noche (Josefina Molina, 1981) lanak zabalduko du egitaraua. Josefina Molinak emakumeek XX. mendearen bigarren erdian Espainian izan zuten bilakaera ulertzeko film gakoetako bat da, eta Lola Herrera aktorearen eskutik urte trantsizio garaiko demokraziaren gaineko xehetasunak ezagutzeko parada eskainiko du. “Garai hartako belaunaldiaren erretratu errukigabea” egingo du, antolatzaileen hitzetan.

Ondorengo filmek gorpuztuko dituzte datozen hilabeteetako emanaldiak: martxoaren 3anQue Horas Ela Volta? (Anna Muylaert, 2015);  martxoaren 17an, The Divine Order (Petra Biondina, 2017); martxoaren 31an, Girlhood (bande de filles) (Céline Sciamma; 2014); apirilaren 14an, Loreak (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, 2014); apirilaren 27an, El domingo si dios quiere (inch’allah dimanche) (Yamina Benguigui, 2001); eta maiatzaren 18an, Jane Doe: How to Fire Your Boss (Colin Higgins, 1980).

Topaketak ikasleekin

Zinemak erreferenteak eta iruditeriak sortzeko gaitasuna dauka; gazteen artean, batez ere. Hala, iragan azaroaren 25aren karira ikastetxeekin elkarlanean egindako lanari jarraipena emango diotela iragarri dute ere. Martxoaren 8a ardatz hartuta, Berdintasunean Hezten izenburuko film-lantegia atondu dute, bidaia zirraragarri eta epikoa: hainbat une historikotan barna eta hainbat filmaren bidez, emakumeek beren eskubide zibil, politiko eta laboralen alde egindako borroka agerian uzteko jorratutakoa. Saioak Iruñeko ikastetxeekin koordinaturik egingo dituzte, eta filmen osagarri izango den material hezigarria banatuko zaie ikasleei.

Xehetasun gehiago, hemen.