Errementari-Cliff-de-Hory-Blogak-01

Bilboko Fant Zinemaldi Fantastikoan aurkeztu zuten Errementari, Paul Urkijoren lehendabiziko film luzea. Aurrekari onak zeuden. Pare bat hilabete lehenago, Berlinalen, Alex de la Iglesiak filmaren ekoizpenean parte hartuko zuela iragarri zuen. Gerotxoago, soka horretatik etorri zen, baita ere, Filmax International-ek banatuko zuela gasteiztarrak zuzendutako filma. Pelikula ikusi aurretik ere, kontuan hartzeko datu harrigarri eta pozgarriak dira guztiak; hortaz, Errementariren orain arteko ibilbidea zeharo itxaropentsua gertatu da.

Orain arte, Paul Urkijok film laburrekin erakutsi digu bere zinema egiteko era, betiere, terroreari eta genero fantastikoari lotutako lanekin. Bat aipatzearren, haren azken laburra ekarri daiteke hona, Monsters do not exist, ikusgarria baita.

Errementari-Cliff-de-Hory-Blogak-02

Aitzitik, hitz egin dezagun bere azken lanaz. Izan ere, film hau inspiratuta dago Jose Migel Barandiaran antropologo handiak XX. mendearen hasiera aldera batu zuen Patxi Errementari ipuin tradizionalean. Patxi Errementari Urkijok “txikitatik oso maitea” izan duen ipuina da. Eta zergatik erakarri ote zuen Patxi Errementariaren pertsonaiak ume-umetatik? Ba, hain zuzen, kontakizun horretan Patxi Errementari garaile ateratzen zelako noren eta Txerren beraren aurrean. Ez da gutxi, gero! Beraz, deabrua bera izango da biktima istorio honetan, Urkijok berak adierazi bezala “gizakiongan bizi delako egiazko gaiztakeria”, eta ez alegiazko demonioengan.

Hori guztia dela-eta, filmaren fotografia eta eszenaratzea diseinatzerakoan “sua oso presente” izan dute, bai Urkijok, baita Gorka Gomez argazki zuzendariak ere. Argia “ahalik eta modurik naturalenean lortu” nahi izan dute, garai hartako estetika islatzeko eta, aldi berean, infernuzko atmosfera bat sortzeko. Urkijok konposizio tenebristak izan ditu gogoan filmaketan —“itzal eta silueta zorrotzak suaren aurrean, eta atzealde ilun eta beltzak”—, betiere ahaztu gabe oraintsu arte etxeko supazterra izan dela Patxi Errementari, gaizto eta bihurri bezalako kontakizunak transmititzeko tokia.

Errementari-Cliff-de-Hory-Blogak-03

Bilbea ehuntzeko, bestalde, Paul Urkijok Asier Guerricaechebarría gidoilari bilbotarraren laguntza izan du, eta Lehen Karlistadaren osteko sasoian kokatu dituzte gertakizunak; batetik, Viktoriar Aroa delako —“terrore gotikoaren klasikoak kokatzen diren garaia, adibidez, Dracula edo Frankenstein”—; eta bestetik, “ilustrazioak eta tradizionalismo erlijiosoak talka egin zuten aldia delako”. Halaber, —erantsi zuen— “umore beltzeko kutsu batez hornitu nahi izan dugu kontakizuna”.

Aitortu behar dut gustatu egin zaidala Urkijok garai hori filmerako aukeratu izana; izan ere, euskaldunontzat aro ezin erabakigarriagoa izan zen arren —orduan galdu baikenuen geure burujabetasun politikoa—, gaur egun oso gutxitan hitz egiten delako orduan gertatu zenaz, ez baita ezagutzen.

Errementari-Cliff-de-Hory-Blogak-04

Dena den, Urkijok argi du “Errementari beldurrezko film fantastiko bat izango dela”, eta beraz, orduko gertakari politikoak, “alde batera” utzi ditu. Edozelan ere, film honen beste erakargarri bat da, dudarik gabe, gure zinemak gutxi-gutxitan arakatutako sasoi hori, gutxienez, kontakizunaren zati izatea.

Era berean, beste osagai bat aipatu zuen Urkijok  XIX mendea “filmaren kokagune ezin egokiagoa” bihurtzeko. Ipuina euskaraz bildu zenez, filmak ere euskaraz behar zuen”, baina ez edonolako euskaran; izan ere, saiatu dira elkarrizketak Arabako orduko euskararen kutsuaz-edo hornitzen. Horretako, Koldo Zuazo dialektologoaren eta Gorka Lazkano itzultzailearen aholkularitza izan dute. Zuazoren arabera, “sasoi hartan, 70 urtean, euskararen mugen atzerakada erabatekoa gertatu zen”,  hala ere, orduan, Gasteizen eta Arabako leku gehienetan euskaraz egiten zuten. Hortaz, berbeta hori-edo berreraikitzen saiatu dira film honetarako, betiere, noski, oraingo ikusle euskaldunoi ulergarri gertatuko zaigun era batean.

Errementari-Cliff-de-Hory-Blogak-05

Errementariren castinga, besteak beste, honako aktoreek osatzen dute: Kandido Uranga, Joxean Bengoetxea, Uma Bracaglia, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Gorka Aginagalde, Gotzon Sanchez, Zigor Bilbao eta Ander Pardok.

Azkenik, ez dut Eneko Sagardoy aipatu gabe utzi nahi, berak egin baitu Txerrenarena film honetan. Aktore durangarrak makillaje saio luzetxoak eraman behar izan ditu filmaketa osoan. Bera ere izan zen Fanteko aurkezpenean, eta zenbait iruzkin argi utzi zituen. Gogora dezagun aktore gazte honek abiada ona hartu duela eta, besteak beste, Aundiya estreinatzeko duela oraindik. Antzezleak, beste esaldi batzuen artean, irribarre bihurri batekin honakoa bota zuen: euskara batua erakundeetako pertsonaiek egingo dute Errementarin. Hortxe uzten dut kontua”.Errementari-Cliff-de-Hory-Blogak-06

Ezer gutxi gehiago esan daiteke filma estreinatzeko garaia heldu arte. Nolanahi ere, Urkijok garbi adierazi zuen “filmatutako materialarekin poz-pozik” dagoela eta horrek, orain arte dakigunari lotuta, oso aho gozoa uzten du. Euskarazko fikziozko luze bat filmatzea betidanik izan da albiste bikaina, aspaldi honetan gero eta sarriago entzuten duguna, zorionez. Nire ustez, —bere txikian eta, kosta ahala kosta— euskarazko zinemagintza gero eta zaluago dabil eta xapo! esatea besterik ez dago nire aldetik, oraingo luze hau nork eta gasteiztar batek zuzendu duela ikusita.