600 millas

Berlingo zinema jaialdian opera prima onenaren saria eskuratu zuen iaz Gabriel Ripstein mexikarraren 600 millas dramak. Arnulfo Rubio (Kristyan Ferrer) Sinaloako gazte bat da, berriki AEBen eta Mexikoren arteko arma trafikoan murgiltzen hasi dena. Hank Harris (Tim Roth), ostera, ATFko agente beteranoa da, eta mugaren beste aldetik zaintzen du Rubio. Espero gabeko akatsak tarteko, bi aurkariek hemezortzi orduko bidaia egin beharko dute elkarrekin, bidaia arriskutsua, inondik inora. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean ere ikusgai izan genuen iaz filma.

Miekkailija (La clase de esgrima)

Klaus Härö finlandiarraren dramak, aldiz, 50eko hamarkadara eramango gaitu. Errusiako Poliziarengandik ihesi, sorterrira itzuliko da Endel (Märt Avandi) esgrimako txapeldun gaztea, eta heziketa fisikoko eskolak ematen hasiko da herriko eskolan. Iraganak, baina, aukeraketa zail bat egitera behartuko du. Ingelesaz besteko hizkuntzan egindako film onenaren kategorian proposatu zuten filma iazko Urrezko Globoetan.

Ice Age: Collision Course (Ice Age 5)

Sid, Manny, Diego eta taldeko gainerako lagunen abenturen bosgarren kapitulua. Hirugarren eta laugarren atalak zuzendu zituen Mike Thurmeierek Galen T. Churekin batera gidatu du filma, eta oraingoan, asteroide batek lurra jo ez dezan lan egin beharko dute laneko protagonistek. Lortuko ote dute? Etxeko txikienentzat ez ezik, gazte eta helduak ere gozaraziko dituen animaziozko film estatubatuarra.

Solace (Premonición)

Alfonso Poyarten lan berriak, serieko hiltzaile bat harrapatu asmoz, FBIrekin bat egingo duen psikean aditua den gizonaren istorioa kontatuko du. Anthony Hopkins eta Colin Farrell dira filmeko aktore nagusiak.

The Purge: Election Year (Election, la noche de las bestias)

The Purge zientzia fikziozko sagaren hirugarren atala. James DeMonacok zuzendu du beste behin ere Leo Barnes polizia ohiaren ekintzen inguruko thrillerra. Barnes (Frank Grillo) Charlie Roan lehendakarigaiaren segurtasun taldeko zuzendaria da orain. Roanek Garbiketa (The Purge) eguna deuseztatu nahi du, hau da, herritarrek zigorrik gabe ekintza kriminalak egiteko aukera duten eguna. Traizio bat tarteko, baina, babesik gabe geratuko dira kalean Garbiketa egunean bertan, eta bizirik irautea izango da erronka nagusia.

Théo et Hugo dans le même bateau

Theo eta Hugoren arteko harremana izango du ardatz Olivier Ducastel eta Jacques Martineauk gidatutako lan frantziarrak. Bi gazteek sexu-klub batean egingo dute topo. Lehen uneko besarkadaren ostean, baina, Parisko kale hutsetara irtengo dira, eta sentitzen duten maitasuna agerian jarriko dute. Geoffrey Couët eta François Nambot dira filmeko aktore nagusiak.

The Shallows (Infierno azul)

AEBtatik helduko zaigu, ostera, Jaume Collet-Serraren The Shallows thrillerra. Nancy (Blake Lively) amaren heriotza gainditzera joango da bakartutako uharte batera. Bertan surfean ari dela, harrapatuta geratuko da hondartzatik 100 metrora dagoen uharte txiki batean, marrazo batek inguratuta.

The Duke of Burgundy

Peter Stricklandek zuzendu duen maitasunari eta erotismoari buruzko drama psikologikoa da The Duke of Burgundy. Cynthia (Sidse Babett Knudsen) eta Evelyn (Chiara D’Anna) maitaleak dira. Erritu probokatzaile bat egin ohi dute egunero. Baina bietako batek maitasun harreman egonkorrago bat bilatuko du, eta bestearen obsesio erotikoa mendekotasun bilakatuko da; harremana itzulerarik gabeko puntura eramango duen mendekotasuna.