Miarritzeko Nazioarteko Zinemaldiak ekainaren 18tik 23ra bitartean izango du 2024ko ekitaldia. Sail ofiziala Ipar Euskal Herrian eta Frantzian inoiz erakutsi gabeko zortzi filmek osatuko dute.
Zinemagile gazteen istorioak, esperantzak eta indarra bigarrenez izango dira Biarritz Film Festival – NOUVELLES VAGUES zinema jaialdiaren funtsa. Jérôme Pulis Biarritz zinemaldiaren zuzendari eta sortzaileak, Sandrine Brauer delegatu orokorrak eta Lili Hinstin programazio zuzendariak eman dute 2024ko ekitaldiaren lehen xehetasunen berri, aurten, sei egunez -iaz baino bat gehiago- luzatuko dela adieraziz.
Ekainaren 18tik 23ra bitartean, 30 film inguru eskainiko dituztela aurreikusi dute; sail ofizialean 8 lan lehiatuko dira, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan estreinaldiak izango direnak.
Filmak ikusi eta baloratzeaz 35 urtetik beherako nazioarteko epaimahaia arduratuko da, zinema eskoletako ikasleek osatutakoa. Gainera, Kultura Pasea duten gazteek ere beren epaimahai propioa izango dute, eta denek topaketetan zein gainerako jardunaldietan parte har dezakete, publiko orokorrarekin batera.
Mundua irekitako hiria
2024ko daten berri ematearekin batera, kartel ofiziala ere argitu dute. Valentine Reinhardt diziplina anitzeko artistak diseinatu du, beraren eta laguntzaile izan duen Manu Cossu publizitate sortzailearen lanaren espiritu berritzailea barneratzen duena. Biarritzen hazitakoak dira, surfaren zale amorratuak, eta elkarlanean Biarritz Film Festival – NOUVELLES VAGUES zinemaldiaren bigarren ediziorako triptikoa sortu dute.
Adierazi dutenez, “kartelen indarra sinpletasunean datza”, eta horretarako, jaialdiaren elementu indartsuak identifikatu dituzte: “Biarritz, gazteria eta zinema”. Miarritze hiria magikoa dela aitortu dute, artista ugari hartu dituena -Picasso, Cocteau edota Coco Chanel-, “Europako surfaren sorlekua” dela ere nabarmenduz, mundura irekitako hiria: “Betaurreko handiek zinea irudikatzen dute, eta, batez ere, ikuspegi berri baten ideia. Kartel hauek estetika surrealista dute, Miarritzeri eta haren paisaia zoragarriei lotutakoa”.
“Artearen eta teknologiaren mugak gainditzen” dituzten hiru kartelak sortzeko adimen artifiziala erabili dute, beraien iritziz “zinemaldiak sustatzen duen abangoardiaren ideiaren berri emanez”.