Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 24,5 milioi euro bideratuko lituzke sorkuntza sustatu eta talentua garatzeko. Zehazki, 5,7 milioi eurorekin ikus-entzunezkoen alorrean garapen eta ekoizpenerako deialdiak indartu nahi dituzte.

Kultura aurrekontua 2024-zinea

2024 urteari begira, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren aurrekontuak %4,5eko igoera izatea aurreikusten duela azaldu du Bingen Zupiria sailburuak. Andoni Iturbe Kultura sailburuordearekin, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearekin, Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendariarekin eta Leire Corrales Zerbitzu zuzendariarekin batera Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu kopuruak; 369.421.000 euro zehaztu dituzte, 2023an baino 16 milioi gehiago.

Kultura 2028 Plan Estrategikoan jaso dituzten lau helburuei jarraiki, 72.954.633 euro bideratuko dituzte guztira sorkuntza sustatu eta talentua garatzeko, kultur eskaintza aberastu eta gizarteratzeko, kultur ondarearen zaintza eta komunitateen garapena uztartzeko eta jauzi digitala sustatu eta ahalbidetzeko. Bada horien artean, ikus-entzunezkoen alorrak izango duen zenbatekoaren berri ere eman dute: 5,7 milioi euro. Batetik, garapen eta ekoizpenerako deialdiak indartuko dituzte, iaz baino 563.000 euro gehiago bideratuz, 3,7 milioi guztira. Bestetik, euskarazko ikus-entzunezko serieak sortu eta ekoizteko kopurua 2 milioikoa izango da.

Gainera, 5,1 milioirekin EiTBren aurrekontua kontsolidatzeko asmoa agertu dute, “euskarazko serieak ekoizteko eta PRIMERAN elikatzen jarraitzeko”. Bestetik, Donostiako Zinemaldiari, Zineuskadiri eta Gidoigileen elkarteari egiten zaizkien ekarpenak ere indartuko direla adierazi dute.