Hezkuntza, heriotza eta dolua, adiskidetasuna, 80ko hamarkadako Berlinen arnasten zen giroa, edota rock and roll-a ardatz, ikus-entzuleak hausnarketara eramango dituzten gaiak jorratuko dituzte Doku-Mental zikloaren baitan, datozen astearteetan.

Orbain Kultur Elkartea-urria-zinea

Gasteizko Orbain Kultur Elkarteak urriko egitaraua aurkeztu du. Baina ikusgai izango diren filmen berri eman aurretik, duela gutxi zendu den Iker Álvarez de Arkaia Osés elkarteko presidenteari hitz batzuk eskaini nahi izan dizkiote: “Orbain Kultur Elkarteak lerro hauek baliatu ditu bere familiari eta lagunei animo handia opatzeko. Moral handia eta borrokarako gogoa!”.

Doku-Mental zikloaren baitan, bost lan dokumental pantailaratuko dituzte ohiko egoitzan, 19:00etan. Gogoeta sustatuko duten hainbat lan erakutsiko dituzte astearteetan, eta saio ia guztien ostean solasaldirako tartea egongo da gonbidatu berezien parte hartzearekin, jorratutako gaian sakontzeko: Hezkuntza, heriotza eta dolua, adiskidetasuna, 80ko hamarkadako Berlinen arnasten zen giroa, edota Anne Joan Elliott-Saiden bizitza (Poly Styrene bezala ezagunagoa, X-Ray Spex punk rock taldeko abeslaria).

Jarraian duzue urriko egitaraua:

  • Urriak 3: Un crimen llamado educación (Jürgen Klaric, 2017)

Hezkuntza gizartearen garapenerako faktore garrantzitsuenetako bat da, eta filmak hezkuntza-sistema gaur egun dagoen krimenik handiena dela defendatzen du:

Gobernuek dirua erabiltzen dute eta ez dute bermatzen kalitatezko hezkuntza. Eskolek soldata lotsagarriak ordaintzen dizkiete irakasleei, eta ez dituzte azpiegiturak eta metodologiak berritzen. Pertsona asko maisu bihurtzen dira beren bizitzetan beste helbururik lortu ez zutelako. Horregatik, beren lanak gorroto dituzte eta ez dituzte ikasleen trebetasunak garatzen. Gurasoak beren seme-alabei buruz ezer ez dakiten eta haien heziketan laguntzen ez duten ez dauden izakiak bihurtzen dira. Eta horren guztiaren ondoren, prezioa ordaintzen duten bakarrak haurrak dira. Hezkuntza-sistema zaharkitua da, eta errotik aldatu behar da.

Un crimen llamado educación dokumentala ikusi ostean, bertaratutakoei EAEko hezkuntzaren errealitatea eta gaurkotasuna zein den azalduko die Manolo Martínez irakasle ohi eta Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen partaideak.

  • Urriak 10: B-Movie: Lust & Sound in West-Berlin 1979-1989 (Jörg A. Hoppe, Heiko Lange eta Klaus Maeck, 2015)

Harresia erori aurretik, Mendebaldeko Berlin 80ko hamarkadako underground mugimendu artistikoen epizentroa zen. Mark Reeder, Manchesterreko musikari bat, bertara joan zen, musika eszenak erakarrita, eta etengabeko tentsio politiko eta kulturalak blaitutako oihan urbanoan murgilduta bukatu zuen. Dokumentala Reederrek hartutako filmaketa amateurren collage-a da, artxibo-irudiez ere osatutakoa. Garai hartako kaosa erakusten du, dena posible zen hiri batean.

Filma ikusi ondoren, 80ko hamarkadako eta ondorengoetako Berlini buruzko aditua den Itsaso Gardokik hartuko du hitza.

  • Urriak 17: Poly Styrene: I am a cliché (Celeste Bell eta Paul Sng, 2021)

Londrestik New Yorkera, Indiatik pasatuz, rock talde baten buru izan zen Erresuma Batuko lehen emakume beltza erakutsiko digu filmak. Abeslariaren alabak  (Celeste Bell) gidatuko du kontakizuna, eta 70eko hamarkadako artxiboko irudiak, egunkari pertsonaleko pasarteak, eta Kathleen Hannaren (Bikini Kill/Le Tigre), Vivienne Westwood diseinatzailearen, Neneh Cherryren, Gina Birchen (The Raincoats), Don Letcuts DJ eta dokumentalistaren, Thurston Mooreren (Sonic Youting) eta beste hainbat musikariren testigantzek osatuko dute dokumentala.

Poly Styrene bere ahots  pertsonalari eta identitateari, kontsumismoari eta distopiei buruz idatzitako testuei esker ikono kultural bihurtu zen. Misoginiak, arrazismoak eta buruko gaixotasunek abeslariaren bizitza baldintzatu zuten, eta haren trauma iraunkorrek Celesteren haurtzaroa eta bien arteko harremana markatu zituen.

  • Urriak 24: Aulki hutsak (Iñaki Peña, 2016)

Heriotzari buruzko dokumentala da. Gaur egun gure gizartean tabu bihurtu den gaia dakar dokumentalak, Maite dugun hori hiltzean zer? galderari erantzuna topatu nahian.

Profesionalen eta norbait galdu duten senideen elkarrizketak biltzen ditu dokumentalak. Euskara da hizkuntza nagusia, baina badaude gaztelaniaz eta ingelesez zenbait testigantza. Lau kapitulutan banatuta dago, gaika: mina, haserrea, egun seinalatuak eta itxaropena. Epilogo batek burutzen du lana.

Solasaldian Iñaki Peña medikuak, eta filmaren gidoilari eta zuzendariak parte hartuko du. Gainera, Iker Barandiaran, dokumentaleko protagonistetako bat dena, ere izango da bertan.

  • Urriak 31: Asiet ETA biok (Aitor eta Amaia Merino, 2013)

Adiskidetasun baten kontakizuna da, eztabaidarako gonbidapen bat, film aske bat. Hala dio Aitor Merinok, lehen pertsonan kontatuta: “Asier eta biok batera hazi ginen Euskal Herriko kaleetan. Ondoren, ni Madrilera joan nintzen bizitzera. 2002an ETAn sartu zen Asier. Nola ulertarazi Madrilgo nire lagunei zerk eraman zuen niri ere ulertzeko zail egiten zaidan erabaki hori hartzera? Asier kartzelatik irtetean, kamera bat hartu eta pelikula bat egitea erabaki nuen, galdera horri erantzuna bilatzen saiatzeko eta, zergatik ez, jarrerak hurbiltzeko. Hala ere, nire plana ez zen uste bezain erraza”.

Emanaldiaren ostean, Joseba Azkarraga politikariak hartuko du hitza. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu ohia da.