Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak azken hilabeteetan landutako kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu. Oihana Bartra bertsolariarenak dira hitzak eta Josu Bergara musikariak sortutakoa doinua.

Egitasmoak bi urte betetzearekin batera aurkeztu dute Pantailak Euskaraz abestia, haien aldarrikapenen zabalkundea indartu asmoz sortutakoa. Kanta Basauriko Blue Bayou estudioetan grabatu zuten,  David Sanchez Damianen gidaritzapean, eta bideokliparen irudiak berriz Lekeition hartu ziren. Bertan, egitasmoko hainbat kide, senide, eta lagunek parte hartu dute, eta baita Isuntza Traineruko neska arraunlariek ere. Kameralari lanetan eta muntaketan Joseba Rodriguez eta Lander Gurtubai ibili dira. Bideokliparen zuzendaria, aldiz, Ibon Iza Totorika izan da.

Sortze prozesuari dagokionez, ondorengo musikari eta aktoreek parte-hartu dute bertan:

  • Oihana Bartra bertsolaria, Bilbo.
  • Josu Bergara musikaria, Aretxabaleta.
  • Aitziber Garmendia aktorea, Zaldibia.
  • Iñaki Ortiz de Villalba musikaria (Betagarri, Modus Operandi), Gasteiz.
  • Sara Cozar aktorea, Ordizia.
  • Joanes Etxebeste aktorea-abeslaria (Goazen), Sara.
  • Nerea Lorón musikaria (La Furia Rap), Kaskante.
  • Tom Lizarazu musikaria (Bulego), Azkoitia.

Halaber, aurrera begirako helburuak zein diren ere azaltzeko baliatu zuten agerraldia. Streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia handitzen jarraitzea dute erronka nagusia; halaber, euskarazko streaming plataforma bat sortu nahi dutela adierazi dute, zinemetan eta zinemaldietan euskararen presentzia legez bermatzea, espainiar telebista publikoan euskararen presentzia lortzea, eta EITBko programazio eta aurrekontuetan euskarazko kateek lehentasuna izatea.