Arantza Santestebanen 918 GAU filma pantaila handian ikusteko aukera izango da bihar, asteartea, otsailaren 7an, Bilboko Golem Alhondiga aretoan. 20:30ean abiatuko da saioa eta, amaieran, zuzendaria eta Aitor Gametxo zinegilearen arteko solasaldia egingo dute.

‘Polizia-furgoi baten gelaxka txikian, kartzelan urte luzeak zeramatzan emakume batek hau esan zidan:  kartzela zer den kontatzeko, beharrezkoa da bertan lo egin izana. Duela ia hamarkada bat, 918 gau egin nituen kartzelan. Film honetan, mundu isolatu eta irudirik gabeko batean bizitzea zer den azaltzen dut’.

Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu egileak 918 gau filmean. Zaurgarritasunetik, inperfekziotik eta, noski, ausardiatik abiatuta, toki bat eman nahi die bizitako esperientzia ikusezin horiei. Txintxua Films eta Hiruko Filmak ekoiztetxeen bultzadaz egin zuen aurrera, eta 2022ko irailaren 30ean izan zuen estreinaldi komertziala, Begin Again Films banatzailearen eskutik.

Emanaldi honekin, bigarren aldia izango du filmak Bilboko hiriburuan. Ondorengo estekaren bidez eskura daitezke sarrerak: https://alhondiga.admit-one.eu/?p=details&eventCode=75435.

Halaber, biharamunean, hilaren 8an, asteazkena, Arantza Santestebanek Azkuna Zentroan – Alhóndiga Bilbao,  El ensayo de la exposición (1977-2017)’ Komisariotzaren Nazioarteko Sinposioan parte hartuko du. Bulegoa z/b-rekin batera antolatuta azalpen-formaren hainbat alderditara hurbilduko den jardunaldia izango da, eta Santestebanek bere filmaren sortze prozesuaz hitz egingo du bertan. Harekin batera izango dira, Mckenzie Wark, Sagal Farah, Frédérique Bergholtz, Azar Mahmoudian, Graeme Thomson eta Silvia Maglioni.

Bestalde, 918 GAU Malagan ere ikusi ahal izango da, datorren igandean, otsailaren 19an, 12:00etan, Albeniz Zineman, Malagako Ziemagileen Aretoak antolatutako emanaldi batean; eta Iruñean, martxoaren 9an, osteguna, Golem Yamaguchin. Zuzendariak berak parte-hartuko du bi saioetan.

Ibilbide arrakastatsua

Donostia Zinemaldiaren baitako Ikusmira Berriak programaren laugarren edizioan parte hartu zuen Santestebanek aurrenekoz proiektuarekin, eta 2020an, jaialdi donostiarreko WIP Europa programan hautatu zuten. Urte berean, MAFIZ saria irabazi zuen Abycine zinema indepentearen Albaceteko jaialdian. Ordutik, arrakastaz betetako ibilbidea izan du nazioarteko zinema jaialdietan.

DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaziz eman zion hasiera zinemaldien zirkuituari, eta Portugalen hasitako bideak jarraipena izan du, 39. Torino Film Festivalean -TFFDOC Internazionale saileko film onena-, Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian –Latexos saria eskuratuta itzuli zen bertatik- edota Iruñeko 16. Punto de Vistan. Azken honetan, publikoaren saria zein epaimahaiaren aipamen berezia irabazi zituen. Horrez gain, Donostiako Zinemaldian, Uruguain, Alemanian eta Errumanian ere lehiatu da filma.

Irakurri Ines Arruek idatzitako kritika, hemen.