Italia aldean hasi eta bukatuko dute urte berriari ongietorria emateko atondutako zinema egitaraua. Roberto Rosseliniri eskainitako zikloak jarraipena izango du, Iruña Beltza jaialdiaren baitan hiru film pantailaratuko dituzte, FiSahara festibalak tarte berezia izango du, eta besteak beste, Nafarroan errodatutako AINARAK dokumentala ere egongo da ikusgai.

Nafarroako Filmateka-urtarrila-zinea

Roberto Rosselliniren film nabarmenenekin osatutako atzera begirakoaren hirugarren film sorta eskainiko dute asteazkenero, 19:00etan. Erregimen faxista 1945ean amaitu zenean, Erroma askatu eta bi hilabetera, Roma, città aperta hasi zen prestatzen zinemagile italiarra, gerora gerraren trilogia bezala ezagutuko zenaren lehen zatia. Bada, filma ikusi ostean, txundituta geratu zen Ingrid Bergman aktore suediarra, eta gutun bat bidali zion Rosselliniri, berarekin lan egin nahi zuela erregutuz. Pantailaren bi aldeetan izan zuten harremana zinemaren historiara pasa da. Bikote izan ziren, eta elkarrekin errodatu zituzten hainbat film. Bada, horietako bi eskainiz hasiko du Nafarroako Filmotekak 2023a. Urtarrilaren 7an, Europa 51 egongo da ikusgai, eta hilaren 14an, aldiz, Viaggio in Italia.

Ohitura legez, zinemaren historiako film garrantzitsuenak berreskuratuko dituzte urte hasierako asteazkenetan. Ezinbesteko zinema sailean, oraingo honetan, bi ekoizpen estatubatuar pantailaratuko dituzte: Our Hospitality (Buster Keaton eta John G. Blystone, 1923) eta King Kong (Merian C. Cooper eta Ernest B. Schoedsack, 1933). Lehenengo saioan, Javier Asín konposatzaileak zuzenean interpretatuko du soinu banda.

Lurraldeko zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eustea helburu duen Nafarroako Filmoteka atalean, bestalde, Anne Etchegoyen abeslari eta konpositorea protagonista duen AINARAK (Juan San Martin eta Ritxi Lizartza, 2022) dokumentala egongo da ikusgai, urtarrilaren 12an. 1870 eta 1940 artean, Nafarroako eta Aragoiko milaka emakumek –ainarak izenez ezagutzen ditugunak, hegaztien antzeko migrazioa egiten zutelako– Pirinioetatik Mauleraino neguan egindako bideari nola heldu zioten ezagutzeko aukera egongo da. San Martinek bertatik bertara aurkeztuko du filma.

Saharako Nazioarteko Zinema jaialdiari (FiSahara) keinu eginez, Nafarroako Liburutegiarekin lankidetzan, hainbat jarduera hartuko ditu urtarrilak. Besteak beste, Kabiak proiektua aurkeztuko dute Maite Ramos eta Ana Larraguetak; Hiru miru liburuaz hitz egingo dute Josu Jimenez Maia eta Maite Ramosek; eta hainbat hizketaldi ere atondu dituzte. Horiez gain, zinema emanaldiek ere izango dute tokia filmategian: Soukeina 4400 días de noche (Laura Sipán, 2017), Ocupación S.A. (Laura Dauden eta Sebastián Ruiz (2020) lanak, hilaren 13an; eta film labur sortaren emanaldia, hilaren 20an. Hurrengo ostiralean, aldiz, Leyud, un viaje al pozo de los versos (Gonzalo Moure, Brahim Chagaf eta Inés G. Aparicio, 2016) ekoizpena emango dute ere.

Bederatzigarren urtez, Baluarten, Iruña Beltza jaialdia ospatuko dute.  Europa iparraldeko literatura eta genero beltza izango da protagonista, eta krimenak edota polizia-ikerketak ardatz dituzten hiru istorio pantailaratuko dituzte, hilaren 16tik 18ra: Mannen pà taket (Bo Widerberg, 1976), I Hired a Contract Killer (Aki Kaurismaki, 1990) eta Journal 64 (Christoffer Boe, 2018).

Ateneok aurkezten du… sailean, bestalde, 2023an berragerpena izango duen Victor Ericeren maisulan bat eskainiko dute: El sol del membrillo (1992). Saioa Pedro Salaberrik aurkeztuko du. Punto de Vista Fokuan, azkenik, Italia aldera joko dute, 16mm-tan errodatutako L’estate di Giacomo (Alessandro Comodin, 2011) filmarekin.

Emanaldietarako sarrera orokorrak 3 euro balio ditu, eta aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutu lehenagora arte. Nafarroako Filmoteka eta saio berezietarako sarrerak, aldiz, euro bat balio du.

Ezagutu Nafarroako Filmotekak urtarrilerako prestatu duen egitaraua, hemen.