Nafarroa Shortzinema katalogora lanak aurkezteko epea ireki dute gaur. Hilaren 22ra arte aurkez daitezke azken hamabi hilabeteetan lurraldean sortutako film laburrak.

Nafarroa shortzinema - zinea

Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak Nafarroako film laburren katalogoa osatzeko deialdia zabaldu berri du. Helburua, horiek zinema industriako jaialdi, azoka eta merkatu garrantzitsuenetan aurkeztea da, baita Nafarroako Filmotekan, nazio-eremuko beste filmoteka batzuetan, kultur etxeetan eta zinema areto komertzialetan zabaltzea ere.

Ekainaren 22ra arte dute zuzendari eta ekoiztetxe nafarrek azken hamabi hilabeteotan sortutako lanak bidaltzeko aukera. Eskabidea online egin behar da, ezinbestean, eta horretarako, ondoko formularioa bete eta hainbat dokumentu aurkeztu beharko dituzte interesatuek.

Batetik, obra zuzentzen duena  nafarra edo Nafarroako bizilaguna dela ziurtatzeko, NANaren fotokopia edo erroldatze-agiria eskatuko zaio; ekoiztetxeen kasuan, egoitza soziala eta fiskala lurraldean dutela egiaztatzen duen agiria ere eskatuko dute. Koprodukzioen kasuan, koprodukzio-kontratuak edo ekoiztetxe nafarrak ekoizpenaren % 50 baino gehiago duela dioen adierazpen sinatua aurkeztu beharko da. Euskarazko lanei dagokienez, Nafarroarekin duten lotura egiaztatzen duen memoria galdegingo dute.

Kasu guztietan, film laburra inskribatzen duen pertsonaren adierazpen sinatua, ekoizpen-data egiaztatuko duena, ere ezinbestekoa izango da; eta edukiz gero,  ICAAren kalifikazioa ere erakutsi beharko da, baita nazionalitate ziurtagiria ere.

Nafarroa Shortzinema deialdiari buruzko informazioa, hemen.