Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hilaren 15eko Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan iragarritakoaren arabera, Euskal Gobernuak zinema-aretoei laguntzak emateko deialdi berri bat jarriko du abian. Pandemiaren ondorioz izan den ikusleen beherakada, eta COVID hedatzearen aurka borrokatzeko hartu diren neurriak eragindako ondorio kezkagarriak arintzea izango du helburu diru poltsa berri honek.

“Gure kezketako bat da pandemiak eragin dituen kalteak arintzea eta kultura-jarduera bermatzea. Eta horrek zinemari ere eragiten dio” adierazi zuen sailburuak bere agerraldian, “Jabetzen gara sektoreak egin duen eta oraindik egiten ari den ahaleginaz. Eta uste dugu Jaurlaritza garen aldetik ahalegin horretan lagun dezakegula”.

Hala, zinema-aretoen egoera kritikoa iraultzeko xedea duen 200.000 euroko partida berri baten sorrera iragarri zuen. Deialdi berri hau 2021eko urriaren 27an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, aurrekoan bezala, Europako eta/edo Latinoamerikako filmen proiekzioari lotuta egongo da. Ezarritako oinarrien arabera, laguntza jasotzeko, zinema aretoek 10 estreinaldi eskaini beharko dituzte (film europarrak edo latinoamerikarrak) 2022ko martxoaren 31 baino lehen, eta gehienez 15.000 euro jaso ahal izango dituzte 3 areto baino gutxiagoko zinemek eta 25.000 euro baino gehiagokoak 3 areto baino gehiagokoek.

Halaber, Eusko Jaurlaritzatik zabaldutako ohar baten bidez gogorarazi dute deialdi honi 2021ean sektore honetara bideratu diren beste laguntza batzuk gehitu behar zaizkiola, hala nola Zinemazale Berriak programaren baitakoa (400.000 euro) edo Zineuskadik zinema-aretoetara bideratzen dituen diru-laguntzak 240.000 eurora arte handitzea, besteak beste.