Bertha Gaztelumendik zuzendutako 2019ko dokumentala eskainiko dute asteazken honetan, apirilak 14, Donostiako Bagera Zineforumean, Lugaritz Kultur Etxean. Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa lanak 80ko hamarkadako mugimendu antinuklearraren eta Gladys del Estal Ferreñoren heriotzaren ingurukoak jaso ditu.

1979ko ekainaren 3an, guardia zibil baten tiroak bizitza kendu zion Gladys del Estali Tuteran, mugimendu antinuklearraren protesta egunean. 23 urteko gaztearen erretratutik abiatuta, egun hartan jazotakoak kontatu ditu Bertha Gaztelumendik, eta bere heriotzaren aurretiko zein ondorengo gertakarien bidez, Euskal Herrian eraikitzear ziren Lemoizko, Ea-Ispasterreko eta Debako zentral nuklearren aurkako borrokaren zein Europa osora hedatzen zen mugimenduaren testuingurua erakutsi du.

2019an ikusi zuen argia lanak, eta Zinebi Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian, Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren harira antolatutako emanaldietan, zein Durangoko Azokako Irudienean gunean izan zen ikusgai, besteak beste.

Ia bi urte geroago, dokumentala Donostiako Bagera elkartearen apirileko zineforumean eskainiko dute. Asteazkenean izango da, apirilaren 14an, 18:30ean Lugaritz Kultur Etxean, eta Xabino Ormazabal dokumentalaren gidoilaria eta Mikel Legorburu komite antinuklearraren partaidea izango dira aurkezpenean. Kresala Zineklubaren dinamizatzaile Ander Gisasolak ere hartuko du parte ekitaldian, eta ikusleentzat, euskara entzuteko zein praktikatzeko saio aproposa izango da.

Informazio osagarria, Bagera Elkartearen atarian.