Azaroaren 10etik abenduaren 1era lau film programatuko ditu Donostiako Kresala Zineklubak. Emanaldiak asteartetan egiten hasi ziren denboraldi hasieran, eta halaxe jarraituko dute udazkeneko bigarren txanda honetan ere. Lehen filma azaroaren 10ean izango da, Kenji Mizoguchi japoniarraren Akasen chitai (La calle de la vergüenza) klasikoa.

Donostiako Trueba zinemek Kresala Zineklubaren saioak hartzen jarraituko dute udazkeneko astartetan, eta programazio berezi eta anitza eskainiko dute Japoniatik, Italiatik, Mexikotik eta Portugaletik ekarritako ekoizpen klasiko zein berrienekin.

  • Azaroaren 10ean, Akasen chitai (La calle de la vergüenza, Kenji Mizoguchi, 1956).

Ametsen herrialdea izeneko Tokioko burdela egoera zaila igarotzen ari da Parlamentua prostituzioa debekatzen duen legea onartzekotan dagoelako. Bada, filmak prostituten egunerokoa jarraituko du, bizimodu horretatik ihes egin nahi dutenen borroka. 1956ko Veneziako jaialdian Urrezko Lehoia lortu zuen ikus-entzunezkoak.

  • Azaroaren 17an, Tommaso (Abel Ferrara, 2019).

Tommaso artista estatubatuarra Erroman bizi da orain emazte eta alabarekin. Drogazale ohia da, baina kontrolpean du mendekotasuna, gidoiak idazten, meditatzen, italiera ikasten eta antzerki klaseetan ematen baitu eguna; baina oso jeloskorra da, eta irudimena errealitatearekin nahasten du. William Dafoe eta Cristina Chiriac dira filmeko aktore nagusiak.

  • Azaroaren 24an, Museo (Alonso Ruizpalacios, 2018).

1985ean Mexiko Hiriko Antropologia Museo Nazionaleko hainbat artefaktu prehispaniko lapurtu zituzteneko gertaerei buruzko drama. Lapur profesionalen balentria zirudiena, aldirietako bi gazteren jokaldia izan zen. Berlingo jaialdian gidoi onenaren garaikurra erdietsi zuen 2018an.

  • Abenduaren 1a, Vitalina Varela (Pedro Costa, 2019).

Locarnoko zinema jaialdian sari nagusia lortu zuen filmak iaz, eta kritikak zein ikusleek harrera beroa egin zioten Costaren lan berrienari. Filmeko protagonista Vitalina da, Cabo Verden nekazari lanetan bizitza eman duen andrazkoa, bere senarrarekin elkartzeko Lisboarako hegaldiaren zain egon dena 25 urtez. Hain justu, hura hil eta hiru egunera helduko da Portugalera, eta senarrarena zen etxean igaroko ditu egun eta gauak, inoren babesik gabe. Pixkanaka, Joaquim senarraren sekretua ezagutuko du, bien arteko harremanaren errautsak eta amets baten pobrezia.

Xehetasun gehiago, Kresala Zineklubaren webgunean.