Eusko Jaurlaritzak emandako 2020ko Gure Artea saria jaso du Laida Lertxundi sortzaile bilbotarrak. Sormen-jarduera aitortzeko modalitatean egin diote errekonozimendua, izan ere, urte luzez ikusizko arteak bultzatzen egin duen lana goratu nahi izan diote. Lertxundiz gain, Pello Irazu artistak eta Leopoldo Zugaza kultur sustatzaileak ere jaso dute saria.

Arte plastikoen eta ikusizkoen alorrean egindako lana aitortu ohi du Eusko Jaurlaritzak Gure Artea sarien bidez, eta 2020ko saridunak nortzuk izango diren atzo bertan ezagutarazi zuen Bingen Zupiria Kultura sailburuak Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. Laida Lertxundi, Leopoldo Zugaza eta Pello Irazu dira errekonozimendua izan duten kultur-eragileak, eta bakoitzak 1.800 euro jasoko ditu. Saria emateko ekitaldia udazkenean egingo dute, Bilboko Guggenheim museoan.

Lertxundi Donostian bizi den artista bilbotarra da, bideoa eta ikus-entzunezkoa jorratzen dituena. Epaimahaikideek adierazi dutenez, “bere obran etengabeak dira abangoardiako artearen korronte kontzeptualen erreferentziak, eta islatuta ageri dira bere obra osoa zeharkatzen duen minimalismo lirikoan, musika esperimentalaren erabileran edo pop mugimenduaren berezko estrategietan”. Hala, artearen eta zinemaren historiaren formatu tradizionalak erreferentzia hartuz, eta horien gaineko begirada kritikoa eginez, “bere proposamen artistikoak instalazio eta proiekzio moduan gauzatzen” dituela esan dute, “nazioarteko arte bienaletan, galerietan, zine-aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztuz”.

Halaber, epaimahaiak nabarmendu du erreferente anitzak dituela artista bizkaitarrak: “Lertxundiren praktikan jatorri desberdineko erreferenteak batzen dira, bere bizi-ibilbidearen parte diren tokien aipuak, bere irudiak, testuak eta soinuak sortzeko moduen bidez eraikitako bideak. Lofoten uharteetatik Kaliforniako basamortura, euskal mendietatik igaroz, bertako paisaiek kontakizun zatikatuen mundu bat eratzen dute”.

Ikusizko arteez gain, Gure Artea saria Irazu artista gipuzkoarrak eta Zugaza kultur sustatzaile durangarrak ere jaso dute.