David Perez Sañudo zuzendari bilbotarraren Un coche cualquiera (Amania Films) film laburrak Cortoespañak antolatutako Fugaz 2020 sarietarako bi hautagaitza lortu ditu: film labur onena eta efektu bisual onenarena (Jon Serrano y Mariano García). Bestalde, Raul de la Fuentek zuzendutako El infierno lana film labur dokumental onena izateko hautagaia da, eta Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo eta moriartitarren La trinchera infinita film luzeen kategorian lehiatuko dira.

Espainiako estatutan egindako film labur aipagarrienak saritzen dituen Fugaz 2020 ekitaldia maiatzaren 21ean zen ospatzekoa Madrilgo Kinepolis aretoan, baina koronabirusaren krisialdiak eraginda bertan behera utzi dute, momentuz. Hala ere, errekonozimenduak jasotzeko hautagaien azken zerrenda iragarri berri dute antolatzaileek eta euskal ekoizpenak ageri dira finalisten artean.

David Perez Sañudoren Un coche cualquiera (Amania Films) film laburrak bi hautagaitza lortu ditu: film labur onenarena eta efektu bisual onenarena (Jon Serrano y Mariano García). Lanak Manuel izeneko gazte bat du protagonista. Bere autora sartzen saiatuko da baina hiru makarrek galarazi egingo diote. Egoera aldrebestu egingo da orduan… Fugaz 2020 sarietarako hautagaitzak lortu aurretik, ibilbide oparoa izan du nazioarteko zinema jaialdietan, izan ere, besteak beste, Clermont-Ferrand (Frantzia), Morbido (Mexiko), BIFFF (Belgika), Fantaspoa (Brasil), Zinebi, Cortada, Xixongo Nazioarte Zinema Jaialdia edota Hendaiako Zinema Jaialdia bisitatu ditu.

Bestalde, Raul de la Fuentek zuzendutako El infierno lanak film labur dokumental onena izateko aukera du. Zuzendari iruindarrak Donostiako Kanaki Films ekoizpen etxearekin batu ditu indarrak, beste behin, Minerita (2013) eta La fiebre del oro (2017) labur dokumentalekin egin bezala, nazioarteko herrialde zehatz bateko errealitatea bistaratzeko. Oraingoan Sierra Leonara joan da kaleko umea izandako Chennuk gaztearen istorioa kontatzeko; Pademba Road helduentzako kartzelara itzuli nahi du berriro mutikoak, infernura.

Film luzeei eskainitako kategoria berezian Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo eta moriartitarren La trinchera infinita ageri dira saria eskuratzeko hautagaien artean.