Penelope Cruzek Olivier Assayasen Wasp Network filmaren emanaldiaren aurretik jasoko du Donostia saria. Jadanik salgai daude irailaren 27an Kursaal aretoan egingo den ekitaldirako sarrerak.

Donostia Zinemaldiaren 67.edizioaren protagonista handia izanggo da espainiar aktorea, sari nagusietako baten irabazlea ez ezik, kartel ofizialeko irudia izango baita. Irailaren 27an (22:00etan) Kursaalen egingo den galan jasoko du errekonozimendua, ibilbide oso bati jaialdiak emandako aitortza. Saria banatu ostean, Olivier Assayasen Wasp Network proiektatuko da; espainiar aktorea bera da filmaren protagonista. Ekitaldirako sarrerak jadanik salgai daude Zinemaldiaren webgunean, 45 euroko prezioan.

Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko duen bosgarren aktore espainiarra izango da Cruz, Fernando Fernan Gomez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008) eta Carmen Mauraren (2013) ondotik, eta pozik jaso du jaialdi donostiarraren proposamena: “Donostia Sariaren berri hau zirraraz beteta eta Donostia Zinemaldiarekiko esker onez jaso dut, sekulako ohorea da niretzat. Zinemaldia ez da soilik nazioartean errespetu handia duen zinema-jaialdia, Espainiako garrantzitsuena ere bada. Gainera, maitasun berezia diodan lekua da, oso gaztetatik bertaratu naizelako eta oso une zirraragarriak bizi izan ditudalako bertan”.

Wasp Network filmari dagokionez, Veneziako zinema-jaialdian izango du munduko estreinaldia. Frantzia, Brasil, Espainia eta Belgika arteko koprodukzio horrek, besteak beste, Edgar Ramírez, Gael García Bernal, Wagner Moura, Ana de Armas eta Leonardo Sbaraglia aktoreak bildu ditu antzeztaldean Penelope Cruzekin batera. Kubatar espioien sare bati 90eko hamarkada amaieran AEBn espiatzea eta erailtzea leporatu zitzaienekoa kontatuko digu filmak.

Olivier Assayase (Paris, 1955) Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Désordre (1986). Harrezkero, Donostian hainbat sailetan parte hartu dute haren lanek. Fin aout, debut septembre (1998) Sail Ofizialean izan zen; Quartier des Enfants Rouges (2006, Paris, je t’aime talde-filmeko segmentua), Perlak sailean; Clean (2004), 2009ko Kontrauhina: Frantziako zinema berriena atzera begirakoan; eta L’heure d’été (2008) eta Après mai (2012), Veneziako zinema-jaialdiko gidoi onenaren saria irabazlea, Perlak sailean. Gainera, Cannesen zuzendari onenaren saria lortu zuen Assayasek Personal Shopper (2016) filmari esker.