The-Program-Zinea.eus-01Zuzendaria: Stephen Frears

Urtea: 2015

Herrialdea: Erresuma Batua

Kirol kazetari batek (Chris O’Dowd) Lance Armstrong txirrindulariaren (Ben Foster) garaipenen atzean dopina dagoela usteko du, eta susmo horrek bultzatuta ikertzen hasiko da, bidean topatuko dituen oztopoen gainetik.

Abian da Frantziako Tourra, eta munduko txirrindularitza proba nagusiaren atarian estreinatu dute The Program. Kasualitatea? Halakoak ez dira existitzen kirolean, matematika hutsa gailentzen da txirrindularitza bezalako arlo fisiko eta neurtu batean, nahiz eta batzuetan, Lance Armstrongek profesional gisa emandako lehen urteak lekuko, bat eta bat bi ez diren beti.

Texasko txirrindulariak egun bateko probetarako dohain bikainak zituen, baina, hara non, minbizia pairatu eta gero, hiru asteko itzuli garrantzitsuena irabazteko gai izan zen; gauetik goizera, inork gutxik espero zuenean, erakustaldia emanda. Hurrengo urtean beste Tour bat eskuratu zuen eta hurrengoan beste bat, eta hurrengoan, eta hurrengoan… Parisko podiumera elastiko horiarekin zazpi aldiz jarraian igo arte. Miraria? Hauek ere ez dute lekurik goi mailan.

Hain zuzen ere, The Program filmak arrakasta horren arrazoi ilunak agerian utziko ditu; Armstrongek eta bere taldekideek dopina zein modu antolatuan kudeatu zuten azalduko du. Estatubatuarraren kirol ibilbidea modu kronologikoan igaroko da pantaila handitik, abiada bizian, ia bi hamarkada 103 minutuan laburtu ahal izateko. Erlojupeko bat dirudi, film bat beharrean.  Hori dela eta, esango nuke Armstrong auzia ezagutzen duten ikusleentzat bideratuta dagoela lana, txirrindularitza zaleentzat bereziki. Izan ere, pertsonaia ugari agertuko dira, eta horiek guztiak identifikatzea ez da lan erraza izango. Hori bai, baliteke zale amorratuenak ere ezusteren batekin topatzea, ezezaguna duten pasarte batekin edo besterekin; Armstrong harrapatzeko zorian egon zireneko hura, esaterako.

Hau guztia esanda, kontakizun hutsa baino haragoko trama zinematografiko baten faltan, The Program aspergarria suerta daiteke thriller bat espero dutenentzat, are eta gehiago gaiarekiko interesa aldez aurretik izan ez badute. Hortaz, gomendio bat luzatuko nieke hauei: zinemara joan aurretik, hobe dute hemerotekara jo eta etxeko lanak behar bezala egin, kontakizunaren hariari ondo eusteko. Hori, edo beste film bat aukera dezatela.

Ben Foster aktorearen lana goraipatuko nuke. Bizikleta gainean Armstrong bera dirudi, pedalei eragiteko garaian ez ezik, itxura fisikoari begira ere. Sinesgarria da oso, txirrindularia iruzurgile gisa irudikatzeko orduan. Azken batean, iruzur baten erradiografia da The Program, aitortzera behartuta egon den kirolari entzutetsu batena. Munstro bat bailitzan aurkeztuko du zuzendariak, eta ideia horrekin etxeratuko dira ikusleak, gehienak iruzurgile gehiago daudela sinetsita; hain urrutira joan beharrik gabe, gainera.