Ekainaren 19tik 23ra egingo dute 2019ko Animadeba Debako Nazioarteko Animazio Zinemaldia. 11. edizioak izaera berritua izango du! Orotara 1.000tik gora lan aurkeztu dituzte aurrenekoz lehiakorra izango den jaialdira, eta horien artean 30, laburrak zein luzeak, aukeratu dituzte hiru sailetan banatuta eskaintzeko: Sail Ofiziala, Zuzendari Berriak eta Panorama.

Horrez gain, bestelako hainbat jarduera ere programatu dituzte, tartean, Punto y Raya Festibaleko iazko edizioko lan finalisten proiekzioa eta Rafa Cano Méndez animatzaileak eskainiko duen Bender 3D programa erabiltzen ikasteko masterclass-a.

Animazioa gustuko baduzu, eta gurean egiten den jaialdirik garrantzitsuenaren edizo berria arnasteko gogoz bazaude, adi: gonbidapen bikoitzak ditugu zozketan parte hartzen duzuenon artean banatzeko!

Sarrerak inaugurazio galarako izango dira, ekainaren 19an, 19:00etan, Debako Kutxa Beltza aretoan.

Black is Beltza filmaren emanaldiak zabalduko du jaialdia, eta Fermin Muguruza bera izango da bertan proiektua aurkezteko. Proiekzioaren ostean, gainera, solasaldia egingo dute, musikari eta zuzendariaren parte-hartzearekin.

Bete beheko formularioa eta zorte on!