Moriartiko sei kideek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abbadia Saria jaso dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen alorrean urtero ematen duen Anton Abbadia saria Moriarti Produkzioak ekoizpen etxeak jaso du aurtengoan, “euskal zinema nazioartean ezagutarazteko egindako lanagatik”. Sari banaketa ekitaldia atzo, abenduak 1, egin zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian, eta aurtengo tematika jarraituz, zinema areto klasiko bilakatu zuten espazioa. Ekitaldi eder eta hunkigarria izan zen, saridunen lankide eta senidez jositako gonbidatuen parte-hartzearekin.