1| AURKEZPENA

Zinea albistegi digital bat da. Zinemaren gaurkotasuna aztertzen du, oro har, baina Euskal Herriko zineman jartzen du arreta, eta, bereziki, euskarazko zineman finkatzen ari diren balio berrietan.

Besteak beste, albiste laburrak, erreportajeak, ikus-entzunezko elkarrizketak, kronikak, iritzi-artikuluak, kritikak eta aipamenak argitaratzen ditugu, eta guztiak dira gure erredaktore taldeak sortuak.

Gure helburu nagusia da zinemazale guztiei euskal eta euskarazko ikus-entzunezko industriari buruzko informazio osoa eta kalitatezkoa ematea. Izan ere, Zinea da euskara hutsean zinema lantzen duen hedabide monotematiko bakarra. Esan bezala, euskal zinemari buruzko informazioa ematen dugu, baina, eremu guztiak lantzen ditugun arren, saiatzen gara talentu berrien eta profesionalen zabalkundean jartzen arreta, baita sektoreari balio erantsia ematen dioten jaialdietan eta erakundeetan ere.

Zinea, gainera, zerbitzu-bokazioa duen proiektu bat da, euskaraz eta doan ematen duelako zinemarekin zerikusia duen informazioa. Egunero-egunero egiten dugu lan sektorean lortu dugun erreferetzialtasuna eta ikusgaitasuna mantentzeko eta indartzeko, eta 2015ean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eman zigun sariak (gai bakarreko euskal komunikabideek euskaraz kontsumituko diren edukiak sortzeko beharra aldarrikatzeagatik, oraindik eduki oso gutxi sortzen baitira) eta HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteak 2016an egin zigun harrera beroak erakusten digute bide onetik goazela aurrera.

Jarraitzaile asko ditugu sare sozialetan, eta profesionalek nahiz zinemazaleek gugana jotzen dute informazioa eskatzeko edota gure plataformaren bitartez beraien berriak zabaltzeko. Gure jarraitzaileen artean, kultur eragile nagusiak, sortzaileak, ikus-entzunezko profesionalak, jaialdiak eta hedabideak daude, baita zinemazaleak ere, eta horri esker gara, gaur egun, zinemari buruzko informazioa euskara hutsean ematen duen iturri nagusia.

 .

2| ZERGATIK LEHIAKETA HAU

Ohikoa da komunikabide batek bere lanaren muinaren alde ahaleginak egitea: talentu berriak eta zinema egiteko modu berriak bultzatzea, eta lengoaia zinematografiko berriak lantzen dituzten egileak bilatzea, euskarazko zinemaren bilakaeran aurrerapauso bat emateko.

Gaur egun, film labur bukatuak saritzen dituzten jaialdi asko daude, baina oso gutxik sustatzen dituzte gidoiak.

Hori dela eta, hainbat arrazoirengatik aurkeztu nahi dugu lehiaketa hau:

  • Gidoiaren idazketa saritzeko
  • Egileari laguntzeko, oraindik bakarrik dagoenean
  • Proiektuaren zatirik garrantzitsuena delako; ekoiztetxe baten atea irekitzen dio idazleari
  • Gidoilariari lehen erreakzioa izaten laguntzeko eta, hala, gidoiaren idazketa hobetzeko
  • Bere lehen finantzaketa-iturria izateko
  • Gidoiaren ekoizpenean aurrera egiteko aukera proposatzeko

Proiektu zinematografiko guztietan, gidoi onik gabe ez dago ezer egiterik. Gidoilariak, bere sormenaren bitartez, makina mugiarazten du, eta, horren ostean, taldea osatzen duten gainerako pertsonek esku har dezakete.

Horregatik guztiagatik proposatzen dugu lehiaketa hau: ikusgaitasuna eman nahi diegu aukera baten bila dabiltzan edota euren ideia aurrera eraman ahal izateko bultzada bat behar duten gazteei.

Film labur bat idaztea lan konplexua da; idazleak ikuslea harrapatzeko gai den istorio bat kontatzen jakin behar du 20 orrialdetan, gutxi gorabehera.

Film laburren egoera hobetzen lagundu nahi dugu. Hori dela eta, konpromisoa hartzen dugu guk geuk bilatzeko hautatutako gidoiaren filmaketarako finantzaketa, baita baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak ere.

 .

3| EGUTEGIA

Proposamenak jasotzeko deialdia 2020ko martxoaren 15ean irekiko dugu. Gidoiak jasotzeko epea ekainaren 30ean amaituko da.

Irabazlea uztailean iragarriko da www.zinea.eus atarian eta ekimen honekin elkarlanean ari diren erakundeen hedabideetan.

Une horretatik aurrera, finantzaketa bilatzen hasiko gara, proiektua gauzatu ahal izateko.

 .

4| LEHIAKETAREN OINARRIAK

  • Parte hartzaileak

Lehiaketan euskaraz idatzitako film laburren gidoiak aurkez daitezke.

Parte-hartzaileak 18 eta 30 urte bitartekoak izan behar dira. Euskaraz aurkeztu behar dute gidoia, eta, lehiaketa irabaziz gero, konpromisoa hartu behar dute proiektua euskaraz filmatzeko (baldin eta finantzaketa lortzen bada).

  • Betekizunak

Gidoien gaia askea izango da. Gidoi originalak ez ezik, literatur lanen egokitzapenak ere izan daitezke, eta, gehienez, 20 orrialde izan behar ditu. Gidoia ezin da izan dagoeneko filmatu den film labur batena.

Argitaragabeak izan behar dira, eta ezin dira saridunak izan.

  • Izen – ematea

Egile bakoitzak bi gidoi aurkeztu ahalko ditu gehienez.

Izena emateko, gidoia bidali behar da, PDF formatuan, helbide honetara: info@zinea.eus.

Gidoiak bidaltzeko epea 2020ko martxoaren 15ean ireki, eta ekainaren 30ean itxiko da.

  • Dokumentazioa

Gidoiak PDF formatuan aurkeztuko dira, eta egilearen izena jarri beharko da azalean. Horrez gain, beste dokumentu batean, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa, egungo helbidea adierazi beharko dira, eta NANaren fotokopia gehitu.

  • Hautaketa

Sektoreko profesionalek osatuko dute epaimahaia.

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

Saria hutsik geratu ahalko da jasotako proposamenek ez badute epaimahaiak eskatzen duen maila.

  • Sariak

Saria: 800 euro.

Sariak dagozkien PFEZaren atxikipenen mende egongo dira.

 .

SARIAREN BERRI EMATEA

Zinea.eus atariak irabazlearen izena argitaratuko du 2020ko uztailean. Eta, film laburra estreinatu ondoren, hala badagokio, Ganbara.eus webgunean argitaratuko da gidoia.

 .

OHARRAK

Egileak bere eskubide intelektualari eutsiko dio, eta bere ardura izango da lege-erantzukizunen mende ez egotea eta hirugarrenek eskubiderik ez izatea.

Jasotzen dugun dokumentazio guztia ZINEA.EUS atariaren artxiboan sartuko da.

 .

OINARRIAK ONARTZEA

Izena emateak oinarri hauek onartzea esan nahi du.

Oinarrietan aurreikusi gabeko edozein arazo antolatzaileek ebatziko dute.

Oinarrietan aldaketak egin eta/edo eranskinak txertatu ahalko dira, antolatzaileei ez dagozkien arrazoiengatik.

 .

Informazio gehiago:  info@zinea.eus / 943 50 42 06

zinea.eus