‘Mikelen heriotza’ eta ‘Tasio’ euskal klasikoak, 66. ZINEBIn ikusgai. ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko arduradunek argitu dutenez, euskal zinemaren bi klasiko berreskuratuko dituzte 66. edizioan. 1984an aurkeztu zituztenetik lau hamarkada bete dituzte Mikelen heriotza (Imanol Uribe) eta Tasio (Montxo Armendariz) lanek, eta horiek pantaila handian berriz ikusteko aukera egongo da azaroaren 8tik 15era bitartean.
2024ko edizioan bi Ohorezko Mikeldi Sari banatuko ditu ZINEBIK. Laura Poitras zinemagile estatubatuarrak irekiera-galan jasoko du berea; aldiz, Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariarentzat izango da bigarrena. Arriaga Antzokian egingo duten amaiera-galan emango diote, eta ostean, Tasio filmarekin agurtuko dute jaialdia. Hain zuzen ere, Armendarizen opera priman aritutakoa da Alcaine.
Donostia Zinemaldian estreinatu zela 40 urte bete diren honetan, TASIO filma ‘klasiko’ izendapenarekin berriz eman dute hirian, irailean. Euskadiko Filmategiak zaharberritu du Boloniako L’immagine Ritrovata laborategian (Bolonia), eta nazioarteko zinema jaialdietan ari dira erakusten, 4K kopiarekin. Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics-en, Boloniako Cinema Ritrovato-n eta Lyongo Lumière jaialdian erakutsi dute, eta 2025ean Ipar Euskal Herriko zein Frantziako zinema aretoetan egongo da ikusgai.
KRITIKA | Tasio (Montxo Armendariz, 1984)