Gidoi – Euskadiko Gidoigileen Elkarteak jakinarazi duenez, bazkideen % 25 baino ez dira emakumezkoak. Bada, egoerari buelta eman eta emakumeen artean gidoien idazketa sustatzeko eta horiek profesionalizatzen laguntzeko asmoz, Euskal autore emakumeentzako film laburren I. gidoi lehiaketa sortu dute, Caostica Nazioarteko Film Labur eta Bideoklipen Jaialdiarekin lankidetzan. Ekimenak (H)emen elkartearen laguntza ere dauka.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaio edo gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin erroldatutako emakumeek dute lehiaketan parte hartzeko aukera (bakarka zein taldeka), eta gidoiak gaztelaniaz edota euskaraz idatzi ditzakete; halabeharrez, fikziozkoak. 20 orrialdeko luzera zehaztu dute, eta idazkiak formatu profesionalean idatzita egon behar dira: courier 12 letra-mota eta goiburuak, ekintzak, elkarrizketak eta gidoi baten gainerako elementuak behar bezala formateatuta.