“Adin guztietarako eta gustu askotariko ikusleen gozagarri” izango diren filmek osatuko dute aurten Cristina Enea Fundazioaren udako aire zabaleko zinemaldia. Ekainaren 28an ekingo diote, eta uztailaren 19ra bitartean, lau proposamen eskainiko dituzte, Donostiako zenbait gunetan: Egiako Cristina Enea parkean, Amarako Araba parkea, Altzako Arriaga parkean eta Bidebietako Salvador Allende parkean. Cristina Enea Fundazioko zuzendari José Mª Hernándezek adierazi duenez, “bidaiek eta bideek gizakiengan eragiten dituzten aldaketak, hausnarketak eta bizipen askotarikoak, bai filosofikoak, bai fisikoak” izango dira zinemaldiaren 11. edizio honetako heldulekuak.
Bigarren saioa Amarako Araba parkean egingo dute, uztailaren 5ean. Urrezko Hartza eta Animaziozko film onenaren Oscar saria irabazi zituen Cihiroren bidaia (Hayao Miyazaki, 2001) klasikoa berrikusteko aukera egongo da, euskaraz: Izaki magikoz beterik dagoen hiri misteriotsu batean sartuko dira protagonistak, eta ezingo dute atera. Hiriko jabe den sorgin maltzurrak txerri bihurtuko ditu gurasoak eta Chihirok, 10 urteko neskatoak, hauek askatu eta beraien bizitza berreskuratzeko borrokatu beharko du. Zorionez, hain da bihotz onekoa Chihiro, Haku laguna eta aurpegirik gabeko espiritua bere alde izango dituela.