Ekitaldiak kargatzen

Bidaiak eta bideak ardatz, 11. Cristina Eneako udako aire zabaleko zinemaldian

“Adin guztietarako eta gustu askotariko ikusleen gozagarri” izango diren filmek osatuko dute aurten Cristina Enea Fundazioaren udako aire zabaleko zinemaldia. Ekainaren 28an ekingo diote, eta uztailaren 19ra bitartean, lau proposamen eskainiko dituzte, Donostiako zenbait gunetan: Egiako Cristina Enea parkean, Amarako Araba parkea, Altzako Arriaga parkean eta Bidebietako Salvador Allende parkean. Cristina Enea Fundazioko zuzendari José Mª Hernándezek adierazi duenez, “bidaiek eta bideek gizakiengan eragiten dituzten aldaketak, hausnarketak eta bizipen askotarikoak, bai filosofikoak, bai fisikoak” izango dira zinemaldiaren 11. edizio honetako heldulekuak.

Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 (2023) dokumentalarekin agurtuko dute aurtengo zikloa, Bidebietako Slavador Allende parkean: 2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta. Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.

Like This Post? Share It With Others!

Go to Top