2025ean ikusgai egongo diren lehen filmak argitu ditu Kresala Zineklubak. Urtea amaitzear dela, Donostiako Kresala Zineklubak 2025 hasieran ikusgai izango diren filmak argitu ditu, astearteroko saioetara bertaratzeko herritarrei gonbita luzatuz: “Munduko hainbat lekutatik, emozioak astinduko dituzten istorioak iristen zaizkigu, eta nork daki bihotza ere astinduko digun. Datak apuntatu, ez baita beste paserik izango”.
Gaur emango diote ongietorria urte berriari, Magyarázat mindenre (Gábor Reisz, 2023) film hungariarrarekin: Uda da Budapesten, eta Abel, bigarren hezkuntzako ikaslea, selektibitateko azterketak prestatzen ari da, Janka lagunik onenarekin etsi-etsian maiteminduta dagoela konturatzen den bitartean. Gizarte polarizatu baten tentsioak lehertu egiten dira Abelen Historiako graduazio-azterketa eskandalu nazional bihurtzen denean.