Martxoko egitaraua aurkeztu du Kresala Zineklubak. Gaur jarraipena izango du azken hilabeteotan Gena Rowlandsi eskainitako atzera begirakoak. Beste behin, John Cassavetesek zuzendutako lan bat proiektatuko dute: Gloria (1980), non Gloria Swensonen istorioa dakarkigun. Gangster baten neska-lagun ohia da, eta bere bizilagunen semearen ardura hartu beharko du, hauek erailak izan ostean. Gloria eta mutikoa, bere esku informazio baliotsua duena, mafiosoen helburu nagusi bihurtzen dira eta New Yorkeko kaleetan zehar ihes egin behar izango dute.