EMANALDIA | Euskal zinema zikloa: ‘La trinchera infinita’
2024/09/20 @ 19:30 - 22:00
Euskal zinema zikloa Urbilen. Donostia Zinemaldiaren eta Zinemira sailaren babesle den Urbil Merkatal Zentroarekin sinaturiko lankidetzaren ondorioz, euskal zinemaren ziklo bat eskainiko da Cinesa Urbil espazioan, bertako zinema-aretoetan. Programazioak lau euskal ekoizpen bilduko ditu; Irizar Sariaren irabazleak laurak, azken aldiko euskal zinema garaikideko titulu arrakastatsuenetakoak.
La trinchera infinita (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2019) filmak zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zituen Donostia Zinemaldian, eta baita bi Goya eta Europako Zinema Akademiaren sari bat ere. Moriartiko lagunek, Irusoinekin batera, gaztelaniaz eta ekoizle andaluziarrekin elkarlanean egindako lehen filma izan zen. Antonio de La Torre eta Belen Cuesta aktore espainiarrek antzeztu zituzten Higinio eta Rosa protagonisten paperak, eta filmak Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo urteetako tentsioa, beldurra eta errepresioa islatzen ditu; errepresalien beldur, 30 urtetik gora egingo baititu Higiniok etxean ezkutatuta, eta Rosak hartutako erabakia defendatu beharko du kosta ala kosta.
Joxe Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariek aurkeztuko dute saioa.