Kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza izateko borondatea daukan Sormene ekimenak euskarazko kultur adierazpideak -literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak- aintzat hartu ohi ditu, urtero. Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxea zein egitasmoaren webgunea ditu plaza nagusi, nahiz eta ongietorria Maximo Moreno Musika Eskolan egingo duten bihar, Booktuber ekitaldi batekin.
Sortuz ahaldundu! Zazpi jauzi lemapean garatuko dute maiatzaren 19ra arte luzatuko den Sormene 2024 kultur ekimena, eta egitarauaren baitan, hilaren 17an, ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala ikusgai izango da. 10:00etan hasiko da emanaldia, eta Alaine Aranburuk (Harrera Sareako kidea eta dokumentalaren zuzendari laguntzailea) hitzaldia emango du gero. Jarraian, Aranburu bera eta Amets Arzallus bertsolari eta idazlea (Miñan) solasean ariko dira gero.