Zinemastea mostraren 41. edizioa. Iazko ediziora arte Gasteizko Euskal Zinemaren Astea lez ezaguna izan den mostrak urtarrilaren 24tik 31ra bitartean ospatuko du 2025eko ekitaldia Zinemastea izenpean, bederatzi film pantailaratuko dituzte Vital Fundazioa Kulturunean.
Gaur, moriartitarren Marco filma egongo da ikusgai: Enric Marco inoiz existitu gabeko deportatua izan zen, iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizona: nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela. Karismatikoa eta sinesgarria, Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izateraino iritsi zen Marco, eta bertan, mirespena piztu zuen bere ustezko ausardia eta sufrimenduagatik. Harik eta egun batean historialari batek bere kontakizuna erabat faltsua dela jakin zuen arte.