Komedia ukituak dituen fikziozko drama bat da Diego Fandos zinemagile nafarrak zuzendu eta Azaroa Films-ek ekoiztutako proiektua. Ramon Barea eta Zorion Eguileor ditu aktore nagusi, aurrenekoz aurrez aurre arituko direnak, eta Maiken Beitiak osatuko du aktore-taldea. Hirugarren adineko pertsonen bakardadea ditu ardatz: Tomásek bere laurogeita hamargarren urtebetetzea ospatu nahi du, baina ez dauka nor gonbidatu, bere etsairik handiena bakarrik.
Fandosek azaldu duenez, “ingurura begiratu eta gizartean herritar oso nagusiak daudela baieztatzean” sortu zitzaion film laburra egiteko ideia. Hala, “laugarren” adinari eta duten arazoei buruz hitz egin nahi izan du 29 de febrero-rekin, hau da, “gizartea eta gabeziak gordintasun osoz azalerazten diren momentuaz”.