Zuzendaria: Elena Martín Gimeno

Urtea: 2023

Herrialdea: Espainia

Generoa: Drama | Sexualitatea | Haurtzaroa

Bere bikotekidearekin etxe berri batera bizitzera joan ondoren, Mila konturatuko da bere baitan dagoela desioa galtzearen kausa. Une horretatik aurrera, haurtzaroko eta nerabezaroko esperientziak berrikusteari ekingo dio, bere gorputzarekin adiskidetzeko itxaropenez.

Emakumeen gorputza eta sexu-desira estigma gisa. Elena Martín Gimenok jorratutakoa film boteretsu, arriskutsu, fisiko eta sentsoriala da, eta blokeo emozional bat duen emakume baten amesgaiztoan murgilduko du ikuslea. Izan ere, bikotekidearekin harremanak izatea eragozten dio, eta, aldi berean, frustrazio hori azaletik agertzen eta somatizatzen du.

‘CREATURA’: Gorputzaren urradura fisiko eta emozionalak

Sexualitatearen deskubrimendua sarri jorratu izan da zineman. Bizitzaren loraldian dauden neska-mutilen esplorazio senak, berezkoa bezain naturalak, film gogoangarriak utzi dizkigu azkenaldian –Blue Is the Warmest Colour (Abdellatif Kechiche, 2013), Young & Beautiful (François Ozon, 2013), Call Me by Your Name (Luca Guadagnino, 2017), Las niñas (Pilar Palomero, 2020), La consagración de la primavera (Fernando Franco, 2022)-; gehiago edo gutxiago, sortzaileek partekatutako esperientziekin identifikatzeko balio izan digute horiek.

Biluzi egin dira sortzaileak, berea soilik duten egia askatuz. Hala, halaxe agertuko da ere Martín Gimeno filmaren itxiera-planoan, bere gorputzak igortzen dizkion mezuak interpretatzeko ezinak akituta, neskatoa zenetik uda pasatzera joaten zen herrixkako hondartzan etzanda, itsasoko urak eskaini diezaiokeen plazera aurkitu nahian. Hor, non lehen hartu-eman sexualak esperimentatu zituen.

2023 | Cannesko Nazioarteko Zinemaldia: Europar Film Onenaren saria

2023 | Donostia Zinemaldia: Made in Spain

2024 | Gaudi Sariak: Film Onenaren, Zuzendari Onenaren, Aktore Berri Onenaren, Taldeko Emakumezko Aktore Onenaren, Taldeko Gizonezko Aktore Onenaren eta Muntaia-lan Onenaren sariak